Jasandakoa argitara atera dute

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mar. 30a, 06:59

'Alegia, 1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan' liburuaren aurkezpena baliatuz, Alegian 1936ko gerran eta frankismoaren lehen urteetan errepresioa jasan zuten herritarrei eta senideei errekonozimendua egin diete.

Larunbat eguerdian jendez bete zen, Alegiako kultur etxeko areto nagusia. Alegia, 1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan liburua aurkeztu zuten. Alegiako udal ordezkari guztiek aho batez onartua zuten, lan hori egitearena: «Derrigortuak geunden 1936 eta 1945 urteen artean gertatutakoaren egia jakitera», azaldu zuen Unai Iraola alkateak. Ardura politikoa, pertsonala eta historikoa dela gaineratu zuen ekitaldian eta, nahiz eta berandu datorren, egin, egin dutela nabarmendu nahi izan zuen.

«Egia eta erreparazioa da gertatu zenari eman beharreko begirada, eta guk egiaren lana egin dugu». Joan den larunbateko ekitaldiarekin, garai haietan sufritu zuten guztiei omenaldi bat egin nahi izan zieten. «Errepublikaren eta Euskal Herriko askatasunaren alde borroka egin zuten guztiak omendu nahi ditugu», gaineratu zuen Iraolak, bere hitz tartea amaituz: «Gerra galdu arren, historian, herri hau bizirik mantendu delako, eta guretzako hemendik aurrera begirako esperantza eta eredu direlako».

Testigantzak eman dituzten senitarteko guztiei omenaldia egin zieten, lore sorta bana emanez. Agurra ere dantzatu zieten, eta Txintxarri abesbatzak ere parte hartu zuen. Bertan izan zen Aranzadi Zientzia Elkarteko Ione Zuloaga Muxika ikertzailea eta liburuaren idazlea. Eskertuta agertu zen, jendez betetako aretoko pertsona guztien aurrean.

Gerra bizitutako eta sufrimendu latzak jasandako jendearekin osatu du lana. 1931n Bigarren Errepublika ezarriz geroztik, Alegiak izandako garapena geratu egin zen, kolpistak herrian sartzean: «Gaur hemen falta badugu ere, Pakita Artolak kontatu zidan, 1932ko uztailaren 9an, nola Jose Antonio Agirre lehendakariaren mitina ikusi zuen Alegian. Horiek guztiak etenda geratu ziren, eta ez zegoen non egin, kolpistak sartzean. Ideologia guztiak mugatuta. Aldebakartasuna eta diktadura anker eta latza».

Elkarrizketatuengandik jasotako bi mezu oso garrantzitsu helarazi nahi izan zituen egileak: «Gerra pasatu ostean, hura ez errepikatzeko nahia zenutela. Eta, bestetik, sufrimendu latz horiek egon arren, indarra eta kemena erakutsi izan dizkidazue beti. Indarra eta kemena, hortik ateratzeko, eta gehienetan irribarretsu, gainera».

Urria eta azaroa bitartean, udaletxean oroimen bulego bat jarri zuten, eta bertan egin zituzten elkarrizketa asko. Beste asko, ordea, bakoitzak bere etxeko ateak ireki, eta kafe bat hartuz kontatuak izan dira. Zuloaga idazleak, berriz ere, eskerrak eman zizkien: «Eztarrietan korapiloa zenuten bitartean, hura askatzeko gai izan zineten guztioi».

Elkarrizketatu horien historiak liburuan zehar irakurtzeko aukera dago, eta baita Lekukotzak atalean ere. Bertan ageri dira, esaterako, Mikel Artano Gastesi eta Maria Teresa Agirre Ormazabal; Loli, Maixol eta Mari Karmen Balerdi Sagastume eta Mari Kruz Urrestarazu Garmendia; Maitane eta Maria Jesus Gaztañaga Otermin; Miren Ixiar Intxausti Arregi; Juan Ugartemendia Iraola eta Maria Rosario; eta Loli Zabala Zabala.

Esan behar da, Alegiako euskalkian transkribatzeko hautua egin dutela. Hori, bide batez, etorkizunean norbaiti Alegiako euskalkia aztertzeko baliagarri suerta dakioke: «Horrela, elkarrizketatuek esan nahi zutena modu argiagoan transmititzen dela uste dugu», argitu zuen Aranzadiko ikertzaileak.

Euskararen egoera guztiz aldatu zen, kolpistak Alegiara sartzean. Euskara debekatu egin zuten, eta Miren Ixiar Intxaustik kontatua ekarri zuen gogora, euskaraz hitz egiten ez bazuten zigorrak jasotzen zituztela nabarmenduz. Une latzak izan ziren euskararentzat ere: «Bigarren Errepublikatik Francoren diktadurara bitartean, euskarak izugarrizko atzerapausoa izan zuen». Bigarren Errepublikan, ordea, Maria Angeles Montoiarekin, euskara berrian ematen zuten katekesia Alegian: «Euskara berrian, eta zailtasunez, esaten zidaten, ez baitzen beraien euskalkian. Baina euskara zegoen orduan denen ahotan, gero ez bezala». Bere anaia Pio Montoiarekin batera, atzerrira ihes egin behar izan zuen, nazionalistak zirelako, eta tropa frankistak atzetik zituztelako.

Ione Zuloagak eskerrak eman zizkien, halaber, Fatima Munduate artxibo zainari eta Jose Ignazio Iglesiasi ere: «Artxiboko 1931-1945 bitarteko dokumentuen kontsulta errazteagatik. Elkarrizketatuez gain, ezinbesteko izan ditugu aipatu dokumentuak. Hauek batik bat, garai hartako Alegiako gobernua hobeto ezagutu, eta haien herritarrekiko betebeharrak, ardurak, zein haien arteko tirabirak ezagutzeko balio izan digute», esan zuen. «Bigarren Errepublikan zehar ezkertiar tradizionalista eta nazionalisten arteko tirabirak; merkatua eraiki ala ez erabakitzekoak. Edo, udal gobernu frankista ezartzean, Bigarren Errepublika garaian udal idazkari izandako Zelestino Oillokiegi bere postutik kendu, eta idazkari berria ezartzeko izandako gorabeherak ere bai».

Omenalditxoa egin nahi izan zien, Zuloagak, kolpistak sartu aurreko udal gobernua osatu zuten Bigarren Errepublikako udal zinegotziei, beren izenak aipatuz: «Antonio Arrizabalaga Agirre, Tomas Arostegi Lasa, Inazio Galarraga Garmendia, Jose Letamendia Lasa, Juan Antonio Letamendia Lasa eta Timoteo Zabala Saizar».

Francoren diktaduran zehar errepresioa jasandako zenbait alegiar ere identifikatu dituzte: 1936ko apirilean, 1.166 biztanle inguru zituen Alegiak. Haietatik 42 alegiarrek erbestera joan beharra izan zuten, tropa frankisten atzaparretatik ihesi. 88 izan ziren, gudari edo miliziano moduan aritu zirenak. Gerrako frontean 25 alegiar hil ziren; gerra kontseiluetan epaitutakoak 26 izan ziren; erantzukizun politikoen eskualdeko auzitegiak epaituak 24; presoak 67; 9ri ondasunak desjabetu zizkieten; bonbardaketan hil edo zaurituak 2 izan diren, eta fusilatutakoak 3.

Herri askotan arazo berarekin egin dute topo, udaletxeko artxiboan: «Zenbait dokumentu falta dira, eta hori ez da harritzekoa. Francoren diktadura amaitu bezain laster, zenbaitek dokumentu horiek hartu egin baitzituzten». Nabarmendutako artxiboko beste hutsunea, emakume alegiarren inguruko informazio eskasiarena izan dela azaldu zuen Zuloagak: «Emakumeek, oro har, gerra garaian zein Francoren diktaduran pairatutako errepresioa ezkutatu edo memorietatik ezabatua izan da», nabarmendu zuen.

Emakumeek ere beren erreparazioa izan dezaten

«Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileoi, emakumeek ere beren erreparazioa izan dezaten, ezinbestekoa iruditzen zaigu jasandako errepresioak argitara atera, eta horien inguruko irakurketa egitea. Izan ile soiltze, izan bortxatze,... Gogorrak diren pasarteak atera, eta landu egin behar dira. Beren historia eta gertaerak ezagutu eta lantzen dituen herriak, haiek ez errepikatzeko joera handiago duela frogatuta dago», kontatu zuen. Filomena Gastesiren adibidea jarri zuen: «Bera, Bigarren Errepublikan zehar, Alegiako Emakume Abertzale Batzako lehendakaria izan zen, eta erbestera ihes egin behar izan zuen, Frantziaraino. Gizona, Jose Artano Altuna, Bilbon egon zen. Frantziatik itzultzean, Alegian zeuden agintari frankistek ez zieten herrian sartzen utzi, 'maltzurra' izateagatik. Horregatik, bere semerik txikienarekin, Altzora joan behar izan zuen».

Liburuko hiru ataletan emakumeek bizi izandako gertaerak biltzen saiatu dira. Betiere, emakumezko zein gizonezkoen arteko gertaeren eta pasadizoen arteko oreka bilatuz.

Lekukotzen artean dago Maria Teresa Agirre Ormazabalena: «Hiru anaia egon ziren gerran, eta nahi izan edo ez izan, joan egin behar izan zuten. Mutiletan bigarrena, hil egin zen, 21 urterekin», dakar gogora. Loli eta Mari Karmen Balerdi Sagastume, besteak beste, gazteei zuzendu zaizkie: «Transmisioak egon egin behar du. Oso garrantzitsua da». Maitane eta Maria Jesus Gaztañaga Otermin ahizpek, aldiz, amari entzuten zioten, gerra garaian, hegazkinak pasatzen zirenean, lur azpira sartzera zirela Amezketan. Aita gerrako frontean ibili zuten: «Gutxi hitz egiten zuen gai hauez, ez zitzaion gustatzen», gaineratu dute. Juan Ugartemendia Iraolaren amak aldiz, «etxera itzuli zenean, dena hankaz gora aurkitu zuen. Gure senideak ihesi joan ziren bitartean, frankistak etxera sartu ziren». Maria Rosario Zabala Zabalaren kasuan, aitona mikeletea izan zuten. Kartzelan egon zen: «Bilbon egon zen bera eta, ez dakit nola, kontatu-edo egiten zituzten, eta 'zu' eta 'hura' eraman eta hil egiten omen zituzten. Bera, justuagatik libratu omen zen».

Ione Zuloaga Muxikak azpimarratu nahi izan zuen, «oraindik ere asko» dagoela egiteko. Guztia ezin izan da liburu bakarrean bildu, eta jende gazteari mezua bota zien, ikerketa hori zabalago egiteko eskatuz.

Erlazionatuak

Beraiekin batera joan eginda

Juantxo Agirre Mauleon, Aranzadi Zientzia Elkartea 2019 mar 30 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!