Beraiekin batera joan eginda

Juantxo Agirre Mauleon, Aranzadi Zientzia Elkartea 2019ko mar. 30a, 06:00

Ezagutzen nuen liburuaren azaleko argazkia. Hor daude gizon eta mutilak, eta emakume hori. Eta beti galdetzen nion, neure buruari, zer pentsatzen ote zuten.

Zer ote zekiten. Garai hartan ez zekiten, gehiegi, zer gertatzen zen. Ez zeuden gaur egungo komunikabideak. 1936ko uztailaren 27an, Beasainen sartu dira militarrak, Nafarroatik etorrita. Dozena bat sartu dira eta, gainera, hildakoak daude. Urduritasuna. Eta dagoeneko Alegiara iritsi dira, abuztuaren 7an, jada hemen daude. Alkate demokratikoa, korporazioa, zer egin behar dugu? Baina, etorriko da bakarren bat gobernutik laguntzera! Tolosara begira daude. Eskualdeko herririk handiena. Abuztuaren 7an, jada hemen daude, eta hemen daude betirako. Hau da, 40 urterako.

Bizipenak sortzen dira. Erbestea. Giza eskubideen urratzeak. Hiru fusilatu ditugu. Kontzentrazio guneak. Gudarien batailoiak. Matxinatuak, frankistak sartzen dira. Gazteak harrapatu eta derrigortuta, gerrara bidaltzen dituzte. Bestela, auskalo. Normal bizitzetik, beste errealitate bat ikustera pasatzen dira. Horren ondorioz, zer? Gure aitona-amonen bizitzak aldatu ziren. Okerrera guztia.

Giza eskubideak, zero. Alderdi politikoak, debekatuak. Sindikatuak, debekatuak. Euskara irakaskuntzan. Alegian, Pio Montoia apaiz euskaltzale eta diruduna genuen. Aitzoli eman zion dirua, garai hartako euskarazko egunkaria sustatzeko. Gaur egun moduan, horrelako egitasmoak herriaren diruarekin sortzeko. Euskal Unibertsitatea bidean zegoen, eta zapuztu egin zuten bide hori guztia. Aukera galduak. 40 urte. Moteltasuna.

Urte asko pasatu dira, eta horri deitzen zaio memoria historikoa. 1936 urtetik Franco hil bitarte, 1975. Badira jada, 19 urte, pizgarri bat sortu zela Euskal Herrian, Zaldibian agertutako fusilatu batzuen gorpuekin. Han senideek piztu zuten zerbait. Ez unibertsitateek edo gu bezalako erakundeek. Horren harira, senide horien eskakizunen alde, beraien eskubideen alde. Non daude gureak? Hor, lur azpian, hainbeste urtez. Ez da posible. Eta sortu da dinamika hau guztia. Dinamika hori guztia, hemen, Hego Euskal Herrian, ondo landu da, eta erakunde guztiek lagundu gaituzte. Alegiako moduko udaletatik hasita, edo Gipuzkoako Foru Aldundia, edo Eusko Jaurlaritza, eta azken legealdian baita Nafarroako Gobernuarekin ere.

Ari gara lanean, eta horretan ez gara originalak. Europan Bigarren Mundu Gerraren amaieran egin zuten moduan. Baina, beraiek gerra irabazi egin zuten, eta guk ez. Urte horiek guztiak pasatuta, arazo handiak ditugu. Pertsonen bizipenak, hau da, nire amonari, osabari... gertatu zitzaizkienak. Barnean zeuden, eta ez zuten idazten, eta ez zuten hitz egiten. «Politika da. Nahikoa sufritu dugu, utz ezazu hori». Eta hori guztia, beraiekin batera, joan egin da.

Gaur egun, erakundeen laguntzarekin eta ikerlari gazteekin egiten da. Objektibotasunez. Giza eskubideen urratzeak eta errepresioa dira gure lana, eta berdin zaigu nork egin duen. Hemen, alegiar gazte bat, harrapatu eta Francoren tropekin bidali zutenean, eta hil denean. Zer da hori? Hori ez da frankista bat.

Neutraltasuna ez, baina bai objektibotasuna eta metodologia. Irizpide horiek nazioartekoak dira: egia, justizia eta erreparazioa. Azken boladan, gu, nolabait eredugarri bihurtzen ari gara. Hemen idatzita dago guztia, baina zuen barnean gurasoek eta aitona-amonek esandakoa geratzen da. Honek gure egia ezagutzera ematen lagunduko du, Alegian. Sinesgarritasuna ematen dio gure historiari, gure izaerari, baina sentimenduak barruan dituzue guztiek. Sentimendu horiek belaunaldiz belaunaldi transmititu dira.

Hau ez da liburu aurkezpen soil bat. Hau erreparazio ekitaldi bat da. Txikia. Handia. Mugarri bat. Senideentzako errekonozimendu bat da. Errekonozimendu hauek herriko udaletxeetan egin behar dira, agintarien aurrean, ofizialki eta herriaren aurrean egin behar dira. Lehenago egin behar genuen, baina orain egitea ere oso ondo dago. Eskerrik asko lagundu diguzuen guztioi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!