«Zuk landatutako produktuak jatea, munduan dagoen gauzarik ederrena da»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ots. 27a, 19:58

Aire librean egin nahi zuen zerbait Gema Zubeldiak, eta parean egokitu zitzaion baratze parkearen irekiera. Gaur egun, askatasuna eta poza ematen dizkio.

Baratze parkearen erabiltzailea zara. Noiztik?

Ireki zenez geroztik, eta duela sei urte ireki zen.

Zer dela eta apuntatu zinen?

Zerbait egiteko gogoa neukan, baina ez nuen leku itxi batean egin nahi. Aire librean nahi nuen. Udalak baratzeak martxan jartzea proposatu zuenean, segituan pentsatu nuen ikusi egin behar nuela. Behin dena nola egokituta zegoen ikustean, izena eman nuen. Oso eroso dago jarrita. Txabola dugu, tresnak, ura bertan daukagu eta horrela hasi nintzen.

Aurretik baratzean aritutakoa zara?

Nahiz eta herri txiki batekoa izan, inoiz ez. Baratze parkean izan da lehenengo aldia.

Orduan, urte hauetan ikasiko zenuen.

Bai. Hasieran, gainera, ikastaroak eman zizkiguten eta erakutsi egin ziguten. Orain bai, esan dezaket ikasi dudala.

Gustukoa duzu baratzean aritzea?

Oso-oso gustukoa dut, bai. Poza ematen dit neronek aldatutako barazkiak etxera eraman, eta jateak. Ilusioa egiten dit, eta asko betetzen nau.

Barazkiez gain, zer ematen dizu baratzeak?

Askatasuna. Jendearekin hitz egiteko aukera. Ingurugiroari begira ere gauza asko egiten ari garela iruditzen zait. Ez dugu produktu kimikorik erabiltzen, dena ekologikoa da, eta uste dut, oso sanoa eta naturala dela egiten ari garena.

Eta zer moduzko barazkiak ateratzen zaizkizu?

Oso-oso onak. Oso gustura jaten ditugu.

Urte guztian edukitzen duzu baratzea aktibo?

Bai, bai. Udara eta negu aritzen naiz. Garaian garaikoak, baina urte guztian zehar. Gainera, partzela batekin hasi nintzen, eta hain gustura nago, orain bi partzela dauzkadala hartuta, libre daudelako.

Etxerako nahiko produktu sortzen duzu.

Bai, eta eman ere asko egiten dut. Etxerako eta emateko, denetarako iristen zait.

Orain arteko baratzeetako bizilagunekin zer moduz harremana izan duzu?

Oso ona, eta giro ona dugu elkarren artean. Meriendak egiten ditugu, eta elkarrekin hitz egiten egoten gara. Egia esan, atsedenaldi bat hartu nahi baldin baduzu ere, oso ona da bertara joatea.

Baratze asko hutsik gelditu dira. Nola animatuko zenuke jendea izena ematera edo zergatik eman beharko luke izena?

Hemen bertan, zerorrek landatutako produktuak jatea, munduan dagoen gauzarik ederrena da niretzat. Denbora librea izanez gero, baratzera joan, bertan egon eta jendearekin hitz egitea ederra da. Harreman handia dago jendearekin, eta aire librean gauzak egiteko aukera eskaintzen dizu. Eta norberak landatutakoak jateak merezi du. Probatzera animatuko nituzke, eta etorri daitezela. Behin probatuta, gero baloratuko dute merezi duen edo ez.

Inoiz aritu ez izanagatik ez dute beldurrik izan behar, ezta?

Hori da. Erakusteko jendea badago, eta gaude. Beldurrik ez dute izan behar inondik inora. Gustuko gauza bat egitera etorri behar dute, besterik ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!