Kultura eta gizarte ongizatea indartzen jarraituko du udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ots. 7a, 15:59
2018an egin zuten Larraitz auzoko eraberritzea, 12 urterako mailegi bat eskatuta

Alegiako Udalak bi milioitik gorako aurrekontua onartu du; gizarte zerbitzu eta ongizatea, «etorkizunerako ezinbestekoa den inbertsioa da» udalarentzat.

2.163.436,28 euroko aurrekontua izango du Alegiako Udalak 2019. urtean. Azken momentuko aldaketa batzuk tarteko, aurrekontua urtarrileko osoko bilkuran onartu behar izan dutela azaldu du Unai Iraola alkateak. Iazkoarekin alderatuz gero, %8ko igoera izan du, Gipuzkoako Foru Aldunditik iristen den funts foraletik aurten diru gehiago jasoko dutelako.

Dinamika nahiko automatizatua dute Alegiako udal ordezkariek eta «aurrekontuak bere kasa egiten du bidea», azaldu du alkateak.

Gastu finkoak aurreikusgarriak dira: «Pertsonal gastuak edota beste erakundeekiko konpromisoak kontuan hartuta, maniobretarako aukera ez da hainbestekoa izaten», gaineratu du. Kulturara %18, Gizarte Zerbitzu eta sustapenera %10 eta, komunitate ongizatera, %17 bideratu dituzte: «Bizitza kulturala eta ongizatea dira indartzen ditugun ildoak. Krisi garaian ere, murrizketarik ez egiten saiatu ginen. Eta, orain, diru sarrerak egonkortu direnean, aurrerapausoak ematen saiatzen gara», gaineratu du. Diru sarrerak handitzeak, inbertsioetarako aukera handitzen die udalei.

«Gizarte zerbitzuetan garapena egon da. Krisi garaietatik hona alor batzuetan lana gutxitu da, esaterako, hirigintzan. Baina, egia da: gizarte langileen eta gizarte zerbitzuen alorrean beharrak hazi egin dira. Eta behar horien aniztasuna ere handiagoa da», azaldu du.

Azken urteetan gizarte langileen ordutegiak eta baliabideak handitu egin dituzte: «Ez dute adineko, etorkin edota DBE bezalakoekin bakarrik lan egiten. Gizarte ongizatea, berdintasuna eta hezkuntza ere bada, eta inbertsioa egiten ari gara. Gure konpromisoa da eta, horietan inbertitzeak, etorkizun hobe baterako tresnak ekarriko dizkigu. Hazia ereiten ari gara; etorkizunerako ezinbestekoa den inbertsioa da», azpimarratu du.

Kulturalki herri bizi bat nahi izatera, Iraolaren udal gobernuak argi du: «Baliabideak jarri egin behar dira». Azpiegituretan eta giza baliabideetan inbertitzen du Alegiak: «Herri txikia izangatik, kirol eta kultur etxeak erabilpen handia du; futbol zelai berria dugu, eta zinema ere hor dago, udalak herritarrekin auzolanean berritua. Horiek guztiak zaharkitzen joaten dira, eta berrikuntzak behar izaten dituzte».

Horiez aparte, giza baliabideetan, «musikariak, artistak,... kontratatu behar dira eta, horiez gain, udaleko barne baliabide pertsonalak, eta baita horren bueltan dabiltzan Alegiako eragileak ere». Kultur eskaintza inbertsio bat dela ikusten dute, eta «gustura» daude izaten duten erantzunarekin.

HIRIGINTZAN, ZUHURTZIAZ

Proiektu txiki eta zehatzetara mugatu dira aurrekontua osatzerakoan, kontuan izanda, hauteskunde urtea dela. «Ez dugu gehiegi konprometitu nahi izan, udal talde berriari ere eskuak erabat lotuta ez uzteko».

Lanetako bat, Beistin auzoko hilerrirainoko oinezkoen bidea bukatzea izango da, hau da, asfaltatu eta argiteria jartzea. Guraso elkartearekin elkarlanean, haur eta lehen hezkuntzako ikasleentzako egin beharreko proiektutxo bat ere badute: «Txikienek jolas orduan aisiarako beste gune bat izan dezaten». Eta kultur eta kirol etxea egin zela urteak pasa dira, eta «hainbat gabezia» ditu: «Besteak beste, teilatua. Horiek konpontzera bideratuko dugu diru kopuru bat».

Hirigintzan proiektu handiak ere badituzte esku artean, baina «udalak bakarrik aurrera ezin ditu eraman», eta beste erakundeen laguntza behar du: «Sukaldeko lanak eginak ditugu, baina beren fruitua emateko zain egon beharko dugu, zehaztasun gehiago emateko», argitu du.

Efizientzia energetikorako ere diru partida bat gordea dute: «Argiteria eta berokuntza sistemak pixkana ari gara aldatzen, eta horietan ere inbertitzen jarraitu beharra dago». Herritarren kexen artean, garbiketarena aipatu du: «Kontziente gara ahalegin bat egin behar dugula. Baina, azpimarratu nahiko nuke, garbiena ez dela gehien garbitzen duena, baizik eta gutxien zikintzen duena. Herritar guztion ardura ere bada herria garbi mantentzea, kendu gabe, udalak ere bere ardura baduela».

BI MAILEGU

Alegiako Udalak bi mailegu ditu. Lehena San Juan kalea eraberritzeko eskatu zuten duela urte batzuk: «Baldintza onak ditu, amortizatzen ari gara, eta 2021ean bukatu da». Bestea Larraitz auzoa eraberritzeko eskatutakoa da: «Iaz 12 urterako mailegua hartu genuen; udalaren zorpetze maila %4,69koa da. Zorra jasangarria da, eta aukera egongo litzateke beste inbertsio batzuk egiteko».

2019KO AURREKONTUA

SAILAK EURO

Komunitate ongizatea 370.926,85

Gizarte zerbitzuak 200.496,23

Kultura 381.866,46

Hezkuntza 145.821,52

Hirigintza 187.588,13

Kirola 120.147,24

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!