Iñaki Artola: «Denok jokatzeko moduko pilotak aukeratu ditugu»

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 11a, 14:26
Zabaleta, Irribarria, Artola eta Mariezkurrena II.a, aukeratutako pilotekin, Urretxun. A. IMAZ

Iñaki Artola alegiarrak Mariezkurrena II.arekin batera pilotak aukeratu ditu gaur Urretxun, etzi Irribarria eta Zabaletaren aurka izango duten partidarako. Gustura dago alegiarra pilotekin: «Denok jokatzeko modukoak aukeratu ditugu. Gureak azkar samarrak dira».

Material aukeraketa ondo joan dela esan du Artolak: «Frontoia noblea da eta hautatzaileek ez dute arazorik izan pilotak jartzeko». Beraiek pilota azkar samarrak hartu dituztela dio alegiarrak: «Espero genuen beraiek pilota oso biziren bat hartzea, baina ez da horrela izan, eta kasik gureak baino baxuagoak hartu dituzte. Lana gogotik egin beharko da, pilotarengatik ez da hautsiko partidarik».

Partida «zaila» izango dela gaineratu du Artolak, «denak bezala»: «Aurreko astean Aimar eta Albisuren aurka galdu egin genuen, baina irabazteko aukerak ere izan genituen eta horrek ere animoak ematen dizu beste edozein bikoteri aurre egiteko. Nire ustez izenez bikote handiena Aimar eta Albisurena da». Oraingoan beste bikote «handi bat» izango dutela aurrean esan du, baina kolpearekin iristen diren bikotea direla aitortu du Artolak: "Batik bat Jon. Aurrekoan Albisuri parez pare kontra egin zion, eta Zabaletari ere hala egingo dio, eta horrek partida ireki egiten du».

Eskuz Binakako Pilota Txapelketako partida Urretxuko Ederrena pilotalekuan jokatuko da, ostegunean, 17:30ean hasiko den jaialdiaren barruan. Ataria Irratiak zuzenean emango du jaialdiaren berri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!