Binakakoa hasteko modu ezin hobea

Ataria 2018ko azaroaren 26a

Artolak partida handia jokatu du Tolosako Beotibarren, Mariezkurrena II.arekin bikotea sendoa osatuz.

Binakako Txapelketako bikote ahulena izan zitekeena ez da ahulena gaur ikusitakoaren arabera. Alderantziz, bikote handia osatu dute Tolosako Beotibarren Iñaki Artolak eta Mariezkurrena II.ak.

Alegiarrak «pazientziarekin» jokatu duela esan du lehia amaitutakoan, eta bera horrela ikustea gozamena izan da pilota zaleentzat. 14 tanto egin ditu Artolak txapelketako partidan, horietatik hamar airez. Bi pilota bakarrik galdu ditu, biak defentsan. Baina horrez gain, denbora guztian bere atzelaria laguntzen aritu da alegiarra. Partida benetan ikusgarria.  

Mariezkurrena II.ari ederki etorri zaio bere aurrelariaren laguntza. 19 urteko gazteak pilotakada ikusgarriak eman ditu, baina defentsan ezkerrarekin zer hobetu baduela erakutsi du. Horren jakitun, bikotea bi pilotarik osatzen dutela erakutsi dute urdinek Tolosan. Nafarrak sei pilota galdu eta bi tanto lortu ditu azkenean. Beste nafarrak, Oinatz Bengoetxeak, ez du aukera handiegirik izan. Bost tanto eta hiru kalerekin amaitu du. Imaz eskuetatik justu iritsi da txapelketara, eta lau pilota bakarrik galdu arren, gozakaitz ibili da erabat.

Gaurko irabazleek Bilbon jokatuko dute hurrengo partida, igandean, Urrutikoetxea Aretxabaletaren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!