San Juan eskolako ikasleek Euskaraldiaren hasierako pregoia irakurri dute udaletxean

Ataria 2018ko azaroaren 26a

San Juan eskolakoek udaletxe aurrean egindako ekitaldiaren une bat. ALEGIAKO UDALA
Alkateak harrera egin die lehenik eta ekitaldia bertso batzuk abestuz amaitu dute.

Ostiralean hasi eta abenduaren 3ra bitartean luzatuko den Euskaraldiari hasiera emateko, San Juan eskolako ikasleek ekitaldi bat egin zuten ostiral goizean Alegiako udaletxean. Eskolatik udaletxerako bidea kalejiran egin zuten eta Unai Iraola alkateak egin die harrera. Euskaraldiaren hasiera iragartzeko pregoia irakurri zuten ondoren ikasleek. Pregoia irakurri ostean bi bertso abestu zituzten eta horrekin eman zitzaion amaiera ekitaldiari.

Gogoan izan, Euskaraldiarekin loturiko beste hainbat ekintza ere egingo direla datozen egunetan. Azaroaren 27an, asteartean, eskolako ikasleek herri kirolak egingo dituzte 14:15etik aurrera Elorri pilotalekuan, eta hilaren 29an, ostegunean, eta ordu berean, karaokeaz gozatzeko aukera izango dute eskolako ikasleek, kultur etxeko areto nagusian.

Abenduaren 3ko Euskararen Eguneko ospakizunekin borobilduko dute egitaraua. Hain zuzen, egun hori Euskaraldiaren azken eguna izango da. 14:15ean DBHko ikasleek bideoklip lehiaketa egingo dute kultur etxean, eta San Juan eskolakoek, berriz, agurra, sari banaketa, dantza eta gaztaina jatea egingo dituzte. 18:30ean Euskaraldiako diana eta parte hartzaile guztien argazkia egingo da eta eguna borobiltzeko, Eizmendi tabernan luntxa izango da, Euskaraldiako txapa daramaten herritarrentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!