«Txapelketa irekia ikusten dut, oso lehiakorra izango da»

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 26a, 08:43

Ataria Irratiak zuzenean eskainiko du Iñaki Artolaren partida, gaur, 16:30etik aurrera, Tolosako Beotibartik.

Noiz esan zizuten txapelketan izango zinela?
Ofizialki aurreko igandean. Jendeak ez dit sinesten, baina azken unera arte guk ere ez dugu jakiten.

Partida jokatu zenuen finaleko egunean, Iruñean.
Ondoren esan zidaten; aurkezpenera azaldu beharko nuela. Norekin jokatuko nuen ez zidaten esan. Egia esan, ez dakit zergatik egiten duten horrela. Nire iritzirako esan beharko ligukete, baina horrela dira kontuak, nahiz eta jendeak ez sinetsi.


Kanpoan geratu izan bazina, arraroegia izango zen.
Jendeak hori esaten du, eta zerbaitengatik izango da. Baina lehen ere ikusi ditugu enpresak espero gabeko erabakiak hartzen. Nik egia esan espero nuen eta lasai nengoen.


Buruari buelta gehiegi ez dizkiozu eman, beraz.  
Ez nuen gehiegi pentsatu nahi horretan. Aspaldian gustura nabil pilotarekin ditudan sentsazioekin eta partida bakoitzean egiten ari naizenarekin. Astero aritu naiz jokatzen eta burua partida horietan izan dut.

 
Mariezkurrena II.arekin jokatuko duzu, debuta egin berri duen atzelariarekin.
Gustura nago. Sumatzen genuen Albisu Olaizolarekin izango zela. Ondorioz, aurreko urteetako bikotea ez nuela izango argi nuen. Txapelketan izatearekin gustura nengoen, hortik aurrera, tokatzen zitzaidanarekin pozik. Mariezkurrena niretzat bikote ona dela uste dut. Jotzailea da eta aukerak sortuko ditu. Edonori ezustekoa emateko modukoan gaudela pentsatzen dut.


Bikoteko pisua eramatea tokatuko zaizu, beterano bezala.
Gaztea izanagatik Mariezkurrena oso plaza gizona da. Ez dut uste kikilduko edo oso urduri jarriko denik. Nik ez daukat ikaragarrizko esperientzia, hau hirugarren txapelketa da. Saiatuko naiz aurrekoetan ikasitakoa bikoteari pasatzen.


Zein izango da zuen helburua?
Paper txukun bat egitea, partida guztiak lehiatzea eta gurea ematea. Faboritoak beste batzuk izango dira, beraz, presiorik gabe ibiliko gara. 14 aste dauzkagu aurretik eta maratoi baten atarian gaudela pentsatu behar dugu.


Zein izango da hemendik aurrera zuen arteko harremana?
Astean entrenamendu bat egingo dugu elkarrekin, eta gero material aukeraketan egongo gara. Horrez gain, telefonoz ere hitz egiten da. Oso garrantzitsua da ondo moldatzea tokatzen zaizun bikotearekin. Alde horretatik begiratuta ere oso gustura nago Mariezkurrenarekin.


Nola ikusten dituzu beste bikoteak? Zeintzuk dira faboritoak?
Gure enpresak apustu indartsu bat egin duela ikusten da, Aimar (Olaizola) eta Jon Anderrekin (Albisu). Izugarrizko bikotea egiten dute. Olaizola udan pilotari onenetakoa izan da. Banakakoan finalean egon zen eta lau eta erdikoan agian baxuxeago ibili da. Jendeak lur-azpira bota nahi du, baina nik badakit Aimarrek oraindik joko handia emango duela.


Eta beste aldean?
Udan ikusi den bezala, Zabaleta eta Rezusta atzean dituen bikoteak faboritoak dira.


Kontua da, bikote guztietan dagoela zerbait: gaur Bengoetxea VI.a, pentsa.
Nik jokatu nuen lehen txapelketan Olaizola II.a eta Irujo zeuden. Faborito garbiak ematen zuten, baina finalerdietara pasatzerik ez zuten lortu. Faktore asko izaten dira kontuan horrelako txapelketa luze batean, izenarekin bakarrik ez da nahikoa. Jendeak txapelketa irekia dela esan du, eta nik ere horrela uste dut. Oso lehiakorra izango delakoan nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!