«Jendeari lehen hitza euskaraz egitean, ezustea eta galderak sor daitezke bueltan»

Jon Miranda Labaien 2018ko azaroaren 23a

Euskara izan daiteke Euskal Herria eta Kataluniaren arteko lotura sendotzeko bide bat. Harreman horretan sakontzeko asmoa du Aitor Iraolak (Alegia, 1992) datozen 11 egunetan. Bartzelonan bizi den arren, han egindako ariketak, hemengo hizkuntza ohiturak aldatu ditzakeelakoan, ekingo dio gaur Euskaraldiari.

Noiztik bizi zara Bartzelonan? Zein harreman duzu bertako euskal komunitatearekin?

Pasa den irailean 4 urte egin nituen Bartzelonara etorri nintzenetik. Hasieran ez nuen harreman gehiegi izan hemengo euskal komunitatearekin, baina, azkenaldian, harremana estuagoa ari da izaten, nire bikoteak euskara ikasteari ekin baitio Bartzelonako Euskal Etxean.

Zergatik erabaki duzu Euskaraldian parte hartzea?

Kanpora bizitzera joatean, askotan, lasatu egiten da jaioterriarekin lotzen zaituen soka. Nire kasuan, hango (Euskal Herriko) lagun bat izan da soka horri heldu eta tirakada eman diona. Hortik berpiztu zaizkit erroekiko erantzukizuna eta ekimenean parte hartzeko gogoa.

Ahobizi edo Belarriprest izango zara?

Ahobizi izatea erabaki dut. Badakit erronka dela, eta, Euskal Herritik kanpo aritzean, ariketaren zentzua aldatu egin daitekeela. Halaber, badira bi arrazoi erabaki honen atzean daudenak.

Alde batetik, jendeari lehen hitza euskaraz egitean, ezustea eta galderak sor daitezke bueltan. Hala, interesa duenari Euskaraldiaren berri eman diezaioket, eta interesik ez duenak ere eramango du zer edo zer. Gainera, ez zait burugabekeria iruditzen, Euskal Herritik kanpo ere, bakoitzak bere ama hizkuntzan lehen hitza esateko ohitura sustatzea.

Bestalde, lanean badut euskara ulertu bai, baina hitz egitea kosta egiten zaion lankide bat, eta berarekin hamaika egunez euskaraz komunikatzen saiatzeko erronka interesgarria iruditzen zait.

Hamaika eguneko ariketaren ondoren, Bartzelonako zure ingurune sozialean zein eragin izango duela uste duzu?

Ez dut uste nire hemengo hizkuntza ohituretan aldaketa nabarmenik izango denik. Hala ere, gogo berezia diot Euskaraldiari. Nire eguneroko ingurunean baino, 600 kilometrotara dudan ingurunean eragina izan dezakeelako. Askotan joera baitut aitarekin gaztelaniara jotzeko, eta gustatuko litzaidake Euskaraldia ohitura hori aldatzeko giltzarria izatea.

Euskaraldiak irauten duen bitartean Bartzelonan badago zerbait antolatuta?

Bartzelonako Euskal Etxeak badu zerbait antolatzeko asmoa, baina ez nago ziur.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!