«Ahobizi eta Belarriprest asko egon daitezke pilota munduan»

Asier Imaz 2018ko aza. 21a, 14:47

Pilotari profesionala da Iñaki Artola (Alegia, 1994). Asegarce-ko aurrelariak, ordea, ez ditu gizarte gaiak albo batera utzi. Besteak beste, euskararen harira hainbat mahai ingurutan parte hartu du.

Esaten da kirolariak bere burbuilan bizi direla. Horrela da?
Denetik egongo da, baina kirolari bizitza nahiko lotua da; nahiz eta jendeak kanpotik denbora libre asko dugula uzte izan. Egunean ia 24 ordu eskaintzen diogu gureari. Burua erabat horretan edukitzen dugu. Errutina batean sartzen zara, eta entrenamenduei eta atseden orduei garrantzi handia ematen diezu. Kasik, egiten duzun hori bakarrik ikusten duzu. Behin hor erortzen zarenean beste gauzetatik apartatu egiten zara. Neure buruan sumatu dut hori. Pilotan buru-belarri hasi aurretik beste denbora eta gogo bat ateratzen nuen gainontzeko gauzetarako. Orain, nahi gabe ere, atentzioa deitu zenezakeen tokietatik pixka bat apartatu egiten zara.

Hala eta guztiz ere, Euskaraldia antolatzen ari zarete herrian, Alegian.
Ez nuke esango eragile eraginkorrena ni izaten ari naizenik, baina bai jarraitzen ari naizela. Ondo doa. Talde polita osatu dugu eta lanerako prest gaude. Normalean horrelako ekimenak ezkutuagoan joaten dira, baina telebistan ere agertu dela ikusi dugu. Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde baten babesa ere baduela dirudi; oso denona izan daitekeen zerbait da. Herrian ere taldean hori ikusten da; denetik gaude, eta lanerako gogo handiarekin.

Pilota mundu profesionalean, enpresarekiko eta pilotari arteko harremanean, zer leku dauka euskarak?
Ikusi dudana da pilota nahiko mundu erdalduna dela. Euskaldun asko izanagatik erdaraz hitz egiteko joera handia dago. Afizionatu munduan oso euskal hiztuna izan den jendea, enpresa mundura gerturatzen joan den heinean, erdarazko joerara gerturatzen joan da. Horren zergatia zein den esaten ez nuke ondo jakingo.

Pilotari euskaldunen artean euskaraz hitz egiten al duzue?
Anekdota bat kontatuko dut. Bost pilotari euskaldun elkarrekin hizketan ari ginela, bi erabat erdaraz ari zirela jabetu nintzen. Esan nien: “Orain erdaldunik ez dago eta gu hala ere erdaraz?”. “Nola erdaraz, euskaraz ari gaituk eta!”, esan zidan batek. Berriro hizketan jarraitu genuen eta hamar minuturen bueltan berriro erdaraz ari ziren geratu gabe. Berriz ere moztu egin nien: “Konturatzen al zarete berriro erdaraz ari garela”. Orduan bai jabetu ziren: “Egia duk! Arrazoi huen!”. Askotan, konturatu gabe, ustez euskaraz ari garela erdaraz hitz egiteko joera izaten da gure artean.

Euskal telebista eta irrati publikoaren aurrean euskaraz bakarrik hitz egingo zenuenaren konpromisoa hartu zenuen 2015ean.
Lagun edo inguruko batekin, gogoratzen naiz, EITBren sorrera eta ibilbidea aztertzen ibili ginela. Hortik pentsatu nuen EITBri dena euskaraz egin behar niola. Handik hilabete ingurura, jende gehiago gauza bera esaten hasi zen. Ez dut buruan nork bultzatuta, baina EITBri eskaera bat luzatu genion: “Euskaldunak gazteleraz egitera ez behartzea”. Nik nire erabakia bakarrik hartu nuenean ondo hartu zuten, ezetz ez zidan inork esan. Aldaketa txiki bat nabaritu nuen alde horretatik. Ondoren, eskaera hori egin genuenean, aldaketa nabarmenagoa izan zen. Alde horretatik errespetatua sentitu naiz eta erabakia aurrera eraman ahal izan dut. Hala eta guztiz ere egun ez da betetzen. Pilotari euskaldunei erdaraz galdetzen jarraitzen ikusten ditugu.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia dator: 11 egun euskaraz. Zein rol hartuko duzu eta zein helburu jarriko diozu zeure buruari?
Nik Ahobizi rola hartuko dut. Euskal hiztuna naizelako. Hizkuntza jarrerak aldatzeko oso ekimen polita iruditzen zait. Inguruan babes handia daukagula ikusten dut, eta hainbesteko azalpenik ez dugula eman beharko. Pilota mundura nahiko ondo datorren metodo bat dela uste dut. Adibidez, ez dakit nahiko duten baina Belarriprest izateko aukera duen jende asko dagoela uste dut. Ahobizi izan gintezkeenak ere bai. Hizketaldiak askotan erdaraz izaten dira, eta nik uste, badagoela hori pixka bat aldatzeko modua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!