Sexu erasoen aurkako protokoloa garatzen jarraituko dute Alegian

Ataria 2018ko urriaren 17a

Alegiako Udalak sexu erasoen aurkako protokolo bat prestatu zuen Alegiako jaien atarian. Protokolo horren helburua prebentzioaren bidez mota horretako erasoak ekiditea da eta gertatuko balitz, erasoaren aurrean eman beharreko erantzuna modu koordinatuan emateko neurriak prest izatea.

Protokolo horren prestaketan hainbat taldek, eragilek eta norbanakok hartu zuen parte. Festen atarian Ez ezetz da! kanpaina aurkeztu zen eta jaietarako pegatinak prestatzeaz gain, gauetan jendeari etxera laguntzeko hitzorduak jarri ziren. Hitzordu horien ardura izango zuten taldeak ere osatu ziren.

Bada, «berdintasunean oinarritutako Alegia bat sortzen jarraitzeko bide horretan, eman beharreko hurrengo pausoak zehaztea» tokatzen dela azaldu du udalak. Hainbat galdera jarri dituzte mahai gainean: «Nola ikusten dugu Alegia genero ikuspegitik? Berdintasunak, indarkeria sexistak, nola eragiten digu? Zein da gure herriaren egoera, eta nolako herria nahi dugu?».

Horretaz guztiaz «herritik eta herriarentzat eztabaidatu, sortu eta bideak irekitzeko proposamena» dela, eta gazte zein heldu, gizon, emakume zein beste eragile sozial, talde zein norbanakoei zuzendutako prozesua dela azaldu du udalak. «Alegia feminista bat eraikitzen jarraitzeko», puntu horien inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko saio ireki bat egingo da ostiralean, urriak 19, 18:00etatik 20:00etara kultur etxean, Kattalin Minerrek gidatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!