Azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatuko da Euskaraldia, Euskal Herriko txoko guztietan. Ehunka atxikimendu jaso ditu esperimentu sozial honek, azkenetako bat Alegia eta Legorretatik.
Ederfil-Becker kooperatibak Euskaraldia aurreratu eta bere lantegietara eramatea erabaki du. Bost egunez, 125 langile Ahobizi edo Belarriprest izango dira, eta horietako bakoitzak hartu duen konpromisoaren arabera jokatu beharko du laneko testuinguruan ohikoak diren egoera guztietan.
Izena eman duten 125 lagunetatik 99k Ahobizi izatea aukeratu dute, eta 26k Belarriprest. Ahobiziek konpromisoa hartu dute euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egin eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egiteko. Belarriprestek, aldiz, gainerakoei eskatu diete beraiei euskaraz hitz egiteko, beraien erantzuna euskaraz edo gaztelaniaz izango den arren.
Maiatzean hasi zituzten prestaketa-lanak, enpresako Euskara Batzordeko kideek sustatuta, eta beste 14 lankideren laguntzarekin. Dinamikaren inguruko formazio saioak antolatu dituzte, eta ondoren eragile gisara aritu dira langileen artean dinamikaren zabalkundea egiten.
2008. urtean ekin zion Ederfil-Becker kooperatibak, lantegiak euskalduntzeko lanari, eta bertatik azaldu dutenez, Euskaraldiarena «esperientzia oso positiboa izaten ari da, ikusten ari garelako gure arteko hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela. Euskarazko elkarrizketa gehiago entzuteaz gain, elkarrizketa elebidunak ere uste baino naturalago eta maizago gertatzen ari dira».