Aurten ere, Kalebeheran festak

Imanol Garcia Landa 2018ko ira. 12a, 09:47

Ostiraletik igandera bitarte ospatuko dituzte, eta urteroko egitaraua hartu dute oinarri aurtengoa prestatzeko.

Beste behin Kalebeherako festak antolatu dituzte Alegian. Jaiak ospatzeko gutxi falta zela, azkenean sortu da lantaldea festak antolatzeko eta aurten ere izango dituzte hiru egunez ekitaldiak, ostiralean hasi eta igandera arte. Hori bai, antolakuntzatik ere laguntza eskatu dute hiru egunetan izaten diren eginbeharretarako.

Lehenengo egunean suziriekin eta buruhandiekin hasiko dituzte ekitaldiak. Aurten aterako diren buruhandiak Errota auzokoek egin dituzte. Patata tortilla lehiaketak emango dio jarraipena festari eta, nola ez, zahagiardoa egingo dute, Alegian hutsik egiten ez duen ohitura.

Larunbatean egun osoko egitaraua izango dute. Kirolak bere tartea izango du, eta eguerdiko krosean helduek eta haurrek parte hartuko dute. Arratsaldean pala txapelketa hasiko dute helduek. Bertara azaldu besterik ez da egin behar izena emateko, eta ondoren osatuko da lehiaketaren koadroa.

Bitartean haurrek eurentzako prestatutako jolasak izango dituzte. Zinta karrera klasikoa da Kalebeherako festetan eta aurten ere bere lekua izango du. Antolakuntzatik eskatu diete herritarrei zintak prestatzeko eta gero estankora eramateko. Txokolatea ere banatuko zaie haurrei, indarrak berritzeko.

Bertsolarien saioa ere ohikoa izaten da eta aurten ere larunbat gauean egingo da. Aurretik zahagiardoa izango da, eta behin bertsoak bukatuta, trikitilariek girotuko dute festa.

Azken egunean herriko dantzarien saioak emango dio hasiera festei. Sagardo dastaketa eta sardina erreak izango dira eguerdian ere, eta ondoren, bazkaltzeko paella. Bazkaldu eta gero etorriko dira pala txapelketaren eta haurrek astean zehar jokatuko duten esku pilotako txapelketaren finalak. Azkenik, festei amaiera emateko, zahagiardoa izango dute.

EGITARAUA

Irailak 14, ostirala

19:00. Festen hasiera. Suziriak eta buruhandiak.

20:00. Patata tortilla lehiaketa.

Ondoren. Zahagiardoa eta trikitilariak.

Irailak 15, larunbata

12:00. Krosa.

16.00. Pala txapelketa.

16:00. Ume jolasak, txokolatea, eta zinta karrera.

22:30. Bertsolariak. Aurretik zahagiardoa izango da.

Ondoren. Trikitilariak.

Irailak 16, igandea

12:00. Herriko dantzariak.

12:00. Sagardo dastaketa eta sardina erreak.

14:30. Bazkaria.

17:00. Esku pilota eta pala txapelketako finalak.

Ondoren. Zahagiardoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!