Artolak irabazi du Zarauzko Torneoa, ikusgarri jokatuz

Tolosaldeko Ataria 2018ko abu. 19a, 19:22
Argazkia: ASEGARCE

Albisurekin batera 22-7 irabazi diote faboritoak ziren Irribarriari eta Rezustari. Artolak 15 tanto egin ditu eta bakarra galdu du.

Artola oso pozik azaldu da garaipenarekin: "Guk gure aldetik oso gutxitan jokatu ditugu horrelako partidak. Gehiago jokatzen dakite besteek, baina gu oso gustura gaude egindako partidarekin". Jon Ander Albisuk egindako txapelketa goraipatu du alegiarrak: "Bi partida ikaragarri jokatu ditu, sekulakoa izan da berarekin jokatzea. Ni gaur jokoz ondo aritu naiz eta akats gutxiago egin ditut finalerdian baino, eta partida borobilagoa egin dut". Albisuk irabazi du torneoko jokalari onenaren saria.

Torneo garrantzitsuetan jokatzea "ondo etortzen" dela gaineratu du Artolak: "Partida garrantzitsu gutxiago jokatzean, gero gehiago estutzen zara horietan, dena erakutsi nahi duzulako, eta hori ere ari gara beste era batera hartzen saiatzen. Partida guztiei eman behar zaie garrantzia". Gustura dago erakusten ari den mailarekin alegiarra: "Ondo sentitzen naiz frontoian, jokoarekin, eta hori da garrantzitsuena".

Asteartean Bizkaia Torneoaren finala jokatuko dute Artolak eta Albisuk, hain justu, Irribarria eta Rezustaren aurka. "Ez zait iruditzen gaurko partidaren antzekoa aterako zaigunik. Asko kostatuko zaigu errepikatzea", esan du Artolak. "Haiek ziurrenik gaur baino gehiago jokatuko dute; gaurkoa ahaztu behar da eta hurrengoa prestatu beharko dugu. Oso partida ezberdina espero beharko dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!