Alegiako Festak 2018

Festa batzordeak jaien balorazio positiboa egin du

Ataria 2018ko uztailaren 27a

Castellerrak, Tio Teronen Semeak eta Txintxarri abesbatzaren alardea izan dira ekitaldi aipagarrienak

Alegiako Festa batzordeak igaro berri diren jaien balorazio positiboa egin du. Egiari zor, eguraldiak ez du gehiegi lagundu aurtengo festetan eta euriaren erruz hainbat ekitaldi bertan behera geratu ziren. Ostiral gaueko Skasti eta Bad Sound taldeen kontzertuak eta igande gaueko Sutarri dantza taldearen emanaldia, esaterako.

Bestelakoan, egitarauko ekitaldi guztiak egiteko aukera izan da eta Vilafranca del Penedes herriko Castellers de Vilafranca taldearen ikuskizuna, Tio Teronen Semeak taldearen emanaldia eta Txintxarri abesbatzaren alardea izan dira batzordetik azpimarratu nahi izan direnak. Festen hasierako ekitaldia benetan ikusgarria geratu zen kataluniarrek egindako zortzi mailako giza dorrearekin eta jendetza handia elkartu zuen. Tio Teronen Semeak taldearen Freshcool ikuskizunak ere jendearen arreta deitu zuen eta igande eguerdiko alardea ere dotore geratu zen.

Gauzak horrela, Festa batzordeak eskerrak eman nahi dizkie jaietako ekintzetan parte hartu dutenei eta orokorrean herritarrei ere bai, izandako jarrerarengatik. Aldi berean, gogorarazi nahi da Festa batzordeko ateak herritar guztientzat zabalik daudela proposamen edo ekarpen berriak egiteko.

Etxera laguntzeko ekimena, positiboa

Aurtengo jaietarako, Alegiako Udalak eta herriko hainbat eragilek sexu erasoen aurkako protokolo bat prestatu zuten. Horrekin lotuta, herriko neska talde baten ekimenez, gauetan etxera taldean joan ahal izateko hitzorduak ezarri ziren eta erasoren bat gertatuz gero, salaketa telefono bat ere ezarri zen. Telefono horretan ez da deirik jaso jaietan eta etxera taldean joateko ekimena modu positiboan baloratu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!