Alegiako Festak 2018

Haurren dantza saioak, txintxarria erre aurretik

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uztailaren 16a

Gaur, Karmen Eguna ospatzen ari dira Alegian; hori dela eta, gaur arte luzatu dituzte aurtengo festak. Arratsaldean, haurrak dantzan aritu dira, play-back eta zumba saioetan, eta gauean emango diete amaiera aurtengo festei.

Aurtengo Karmen Eguna astelehenarekin batera egokitzen zenez, gaur arte luzatu dituzte festak Alegian. Bertan, festetako egun handian, haurrak izan dira protagonista nagusienak. Goizean, trikitilarien diana, mendi ibilaldia eta 3x3 saskibaloi txapelketa ospatu dira, eta plazan egin duten haurren bazkari herrikoiaren aurretik, hamaiketakoa egin dute erretirodunentzat.

Bazkal ostean, play-back saioaren txanda heldu da. Ixone Urkiri aritu da aurkezle lanetan eta Paola Gomez, Marta Iraola eta Irati Garmendiari egokitu zaie lanak epaitzea. Lau talde igo dira oholtzara, eta bakoitzak, prestatutako kantu baten gainean aritu behar izan du dantzan: Txintxarri dantzariak (Nora eta Ez gaitu inork geldituko), Izarrak (Gure kaiola), Irabazleak (Euskal hitza) eta Musikariak (Musikaren doinua). Azkenean, talde originalenaren saria Musikariak taldearentzat izan da, eta koreografia originalarena, berriz, Txintxarri dantzariak taldearentzat. Horietako bakoitzak merienda bana irabazi dute Ogi Berri okindegian, eta partaide guztientzat goxokiak banatu dituzte amaieran.

Dantza saioak, ordea, ez dira hor amaitu, eta jarraian hasi da zumba saioa. Kantu ezberdinen erritmora pauso bat edo beste egiten aritu dira haurrak nahiz helduak. Festa giroa gauera arte luzatuko da, 00:00etan erreko baitute txintxarria. Lehenago, herritarren arteko toka txapelketa, Fan&go erromeri taldearekin dantzaldia eta zahagi ardoa ospatuko dira, bertaratzen direnen gogoak asetzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!