Alegiako Festak 2018

Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa jokatuko dute Alegian

Asier Imaz 2018ko uzt. 12a, 08:36

Karmen jaien barruan esku pilotari profesionalen jaialdia antolatu dute, dohainik, larunbatean; Iñaki Artolak jokatuko du herritarren aurrean

Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa edo XIII. Txintxarri Saria igandean jokatuko dute Alegian, Karmen jaien barruan. 18:30etik aurrera, Larraitz auzoko plazan, sei harri-jasotzaile ariko dira lehian: Aimar Irigoien, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra, Xabier Peñagarikano Peña, Imanol Albisu Goikoetxe eta Xabat Olaizola.

Harri-jasotzaile bakoitzak hiru minutuko txanda egingo du harri bakoitzarekin. Harriak honakoak izango dira: 125 kiloko kopa; 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola. Txapelketa federatua izango denez, doping azterketa egingo diete harri-jasotzaileei. Marka hausten duenak sari berezia jasoko du.

Harri-jasotzaile munduan ohikoa da, azken uneko lesioak medio, bateren batek kale egitea. Antolakuntzako kideek esan dutenez, oraingoz, izena emandako harri-jasotzaile guztiak igandean Alegian izango dira.

Txapela irabazteko faborito garbia Aimar Irigoien errezildarra da, iazko txapelduna. Bigarren posturako lehia polita egon daiteke Urra, Izeta IV, Peña eta Goikoetxeren artean. Iaz Mikel Lopetegi Urrak lortu zuen Irigoienen atzetik geratzea.

Txintxarri Sariaz edo txapelketaz gain, Idoia Etxeberriak eta Karmele Gisasolak erakustaldia eskainiko dute.

PROFESIONALEN PARTIDA

Aurreko egunean, larunbatean, esku pilotariak ariko dira lanean, Elorri frontoian, 18:00etatik aurrera. Alde batetik, Alegiako VIII. Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dituzte. Bestetik, profesionalen partida izango da. Sarrera doan jarri dute.

Herriko pilota txapelketaren finalak gazteen eta seniorren mailan jokatuko dituzte. Amiano-Uzkudun eta Zubeldia-Lizeaga izango dira pilota jaialdiari hasiera emango diotenak. Ondoren, seniorren finalean, Eneko Labakak eta Aizpuruk, Zubiria-Garmendiaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Jaialdiko hirugarren eta azken partida izango da profesionalena. Iñaki Artola etxeko pilotaria bertan izango da, Urretabizkaia II.arekin bikotea osatuz. Hauen aurkariak Laso eta Erasun zizurkildarra izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!