Alegiako txistularien aroa bukatu dela esan daiteke. Izaskun Lopetegik, Elena Alustizak eta Rikardo Intxaustik utzi diote jarduerari, eta aurrera begira ez bada beste inor animatzen, tradizioa eten egingo da herrian. Orain arte egindako ekarpenarengatik eskertza ekitaldia egingo die udalak igandean, festetan, plazan egingo den alardearen barruan.
Bi alditan aritu da txistulari moduan Intxausti: «Nire kasua ezberdina da. Nire aitona txistularia zen, eta nire aita ere bai, eta nire lehenengo aldia izan zen aitarekin bakarrik ibili nintzenean. Ni gerora berriro sartu nintzen, orain dela 14 urte inguru, nire aita hil zenean, Izaskunekin eta Elenarekin batera aritzeko».
Orain 30 urte inguru hasi ziren Lopetegi eta Alustiza. Mila Begiristainekin eta Axun Orbegozorekin ikasi zuten txikitan. «Dantza taldean beraiei laguntzen hasi ginen txistua jotzen pixkana, eta gero beraiek utzi zuten eta guk bakarrik jarraitu genuen», esan du Alustizak. «Gero Izaskun sartu zen, eta lehenagotik ibiltzen ziren Ana Flores eta Mertxe Genaut gurekin. Gero haiek utzi zuten eta orduan Germanek, Rikardoren aitak, deitu zigun, ea lagunduko genion galdetuz». Lopetegik gogoan du Amarotzera joaten zirela txistua ikastera: «Txirritarengana joaten ginen txistua ikastera, hamabost bat urte izango nituen nik, eta orduan dagoeneko Germanekin jotzen genuen txistua Alegiako txistulari moduan».
Intxaustik Tomas Iraolarekin ikasi zuen txistua hasieran: «Umeak ginela hemen musika kultura handia zegoen. Iraolak erakusten zien txistua herriko gazteei eta baita dantza egiten ere. Herri guztia zegoen hor, eta hortik hasi ginen».
Intxaustik gogoan du orduan «jende asko» aritu zela txistua ikasten, eta festetako igandetan antolatzen duten txistulari ohien kalejiran garai horretako hainbatek parte hartzen dutela. «Ikusita herrian jende gutxik txistua jotzen zuela, deialdi bat egin nuen kalejira antolatzeko, garai horretako jendearekin gogoratuz. Jendea animatu zen eta batzuk berriro praktikatzen hasi ziren, urte asko eta gero».
Festez gain parte hartu izan dute urtean zehar beste hainbat datatan ere: Eguberriak, inauteriak, Pazko Eguna, sanjoanak, Korputs Eguna... «Udal txistularien moduan aritzen ginen, eta orduan betebehar batzuk genituen», esan du Intxaustik.
Lopetegik gaineratu du beraiek hasi zirenean «ekitaldi asko» zeudela. «Adibidez korporazioa eramaten zen elizara, eta horrelakoak galtzen joan dira. Beraz, txistuaren presentzia galtzen joan da urteak pasatzearekin batera».
Jarraipena emateko inor ez
Txistulari bezala azkeneko parte hartzea Errege Egunean izan zen.
«Ibilbidea bukatzen joan da eta azkenerako oso puntualki jotzen genuen txistua, eta ohitura galtzen joan da, indarra galtzen joan da, eta iritsi da une bat ez zuela funtsik jarraitzea», esan du Lopetegik, txistulari bezala aritzeari uztearen arrazoia galdetzean. «Aldiro esfortzu handiagoa egin behar genuen betebehar horiek betetzeko, eta amaitzeko ordua dela pentsatu dugu», esan du Intxaustik.
Txistularien tradizioari eustea izan da orain arte jarraitzearen arrazoia. «Gazte batzuk asmoa izango balute jarraitzeko, eutsiko genioke pixka bat gehiago, baina ikusita atzetik inor gehiago ez zetorrela, bukatzea pentsatu dugu», gaineratu du Alustizak. Bere aita hil zenean itzuli zen berriro parte hartzera Intxausti: «Nire familian tradizioa aspalditik datorren kontu bat da, eta pena ematen zidan hori galtzea, eta horregatik hasi nintzen Izaskun eta Elenarekin, baina gero itzaltzen joan da pixkana».
Txikia zirenean askok ikasten zutela diote txistua, baina gaur egun herrian ez dagoela inor txistua ikasten diote. «Pena ematen du tradizioa bukatzeak», esan dute. «Jendea ateratzen zen leihora kalejiran aritzen ginenean eta pentsatzen dugu horiek ere pena hartuko dutela», gaineratu dute. «Nire etxean txistulari izatearen ohiturak 100 urte inguru izango ditu, eta uzteak sekulako pena ematen dit», esan du Intxaustik.
Orain beste modu batera parte hartuko dute festetan. Hori bai, igande goizean egiten den txistulari ohien kalejiran ariko direla diote: «Jendea ilusioz aritzen da. Hogeitik gora elkartzen gara eta gero hamaiketakoa egiten dugu. Ekitaldi horretan parte hartzen jarraituko dugu».