Alegiako jaiei begira, udalak lanketa berezi bat bultzatu du sexu erasoen gaiaren inguruan. Ekainean sexu erasoen aurkako protokolo bat garatu zen herriko talde zein eragile ezberdinen eta herritarren parte hartzearekin. Jaietan erasoren bat gertatuko balitz, erantzun koordinatu bat emateko gaitasuna izatea da protokoloaren helburuetako bat. Horrekin batera, herritarren kontzientziazioa ere bultzatu nahi da, erasoren bat sumatuko balute jarrera aktiboa izatera bultzatuz.
Kontzientziazio horretarako bidean, Ez ezetz da! kanpaina berezi bat jarri du abian. Lelo hori duten pegatinak banatuko dira, eta txosnagunean eta tabernetan kartelak jarriko dira, eraso baten aurrean nola jokatu behar denaren inguruko informazioa zehaztuz. Bertan agertuko da sexu erasoak salatzeko telefonoa ere: 688 611 386. Udalak jarri du telefono zerbitzu hori, 24 orduz funtzionatuko duena, eta arduradun ezberdinen artean eskuz esku pasako da.
Festei begira egin den protokolo horretan zehazten da norbaitek sexu eraso baten zantzua ikusten badu, lanean dagoen profesional batek edo festetan dagoen norbanako batek, zer egin behar duen. «Lehenengo galdetu bere ustez erasoa egin dioten pertsonari benetan eraso hori jasan duen eta laguntzarik behar duen», azaldu du Unai Iraola alkateak. «Hala izan bada, telefono zenbaki bat izango da 24 ordutan bertara deitzeko. Bertan arduradun bat izango da erantzun bat emango diona». Sexu erasoa izan dela konfirmatu eta gero, protokoloaren talde eragileak zehaztuko ditu egin beharreko ekinbideak.
Kanpainarekin eta protokoloaren bidez, sexu eraso baten aurrean zer pauso egin behar diren zehazteaz gain, «pixkana kontzientziazioan sakontzen joatea» da helburua, Iraolak azaldu duenez. «Espero dugu protokoloa erabili behar ez izatea. Ez dugu beldurrik sartu nahi. Ez dugu uste arrisku maila handirik dagoenik Alegiako festetan. Iruditzen zaigu jendeak festaz berdintasunean disfrutatzen badakiela, baina iruditu zaigu landu daitekeen gai bat dela, ibilbide bat duena, eta zentzu horretan planteatu dugu urte guztira begirako lanketa».
Festei begira beste egitasmo bat antolatu du herriko neska talde batek: gauero etxera joan nahi dutenei laguntzeko hitzorduak jartzea. Orendaingo bidegurutzean elkartu eta taldean egingo da etxeetarako bidea, inor bakarrik joan ez dadin. Asteazken gauetik igande gauera bitartean jarriko dira hitzorduak.
Festei begirako egitasmoa osatzeko bileretan «nahiko erantzun ona» izan dutela esan du Iraolak, «bai parte hartzearen aldetik eta bai parte hartzaileen aniztasunaren aldetik, eta oso gustura gaude». 30 pertsona inguru izan ziren saioetan, batzuk norbanako bezala, beste batzuk eragileen izenean. Gaztetxetik ere ordezkaritza zabala izan dela nabarmendu dute. Udaletik parte hartu duten guztiei eta «eman duten erantzuna eta inplikazioa» eskertu diete.
Lanketa «sakonagoa»
Alegiako Udalak azken urteetan daraman prozesu baten beste pauso bat izan da festei begira osatu den egitasmoa. «Udalaren barne jardueran berdintasunaren gaia zeharkako gai bezala hartu dugu eta jorratzen dugu», esan du Iraolak. «Aldundiarekin ere Berdinbidean programaren bitartez gai hau jorratzen aritzen gara».
Udaleko sail ezberdinetako lankideekin ongizate batzordea dute, eta bertan zeharkako gaiak lantzen dituzte: aniztasuna, euskara, berdintasuna, inklusioa... Gizarte langileak, kultura teknikariak, gazteria zerbitzuko teknikariak eta politikoek parte hartzen dute. «Bertan adostutakoa beste sailetara eramaten da, edo herri mailako egitasmoak bertatik martxan jartzen ditugu», esan du alkateak. «Konturatu gara koordinaziorako behar hori bazegoela eta neurri batean asetzen dugula antolakuntza aldetik, eta funtzionatzen duela ditugun beharretarako».
Urte hasierako planifikazioan ikusi zuten hutsune bat zegoela sexu erasoen kasuetan erantzuna zein izan behar zuen adosteko herritarren artean, eta baita «prozesu bat martxan jartzeko eta baloreetan aldaketa bat emateko» ere. Planifikazio horretan aurreikusi zuten festen aurretik prestakuntza saioak egitea, eragile eta norbanako ezberdinekin. «Gero, irailetik aurrera, egin den lan honen balantzearekin beste prozesu luze eta sakonagoa egingo da, baloreen aldaketan eta herritarren aldetik jarrera proaktibo bat sustatzeko», zehaztu du Iraolak. Lanketa horretatik sexu erasoen aurkako protokoloa osatzea da asmoa.
Aurrera begira «protokolo bat edo herritarren itun bat» egitea da helburua, ez soilik festaren testuinguruan, baizik eta «berdintasunaren aurkako edozein ekintzaren aurrean eduki beharreko jarrera proaktiboaren inguruan, eta kontzientziazio mailaren inguruan», esan du Iraolak. «Arazo honek guztioi eragiten digu, eta arazo honen konponbidean ere guztiok izan behar dugu parte». Norabide horretan egiten dituzten aurrerapausoei buruz, «asko izatea eta azkar aurreratzea baino, garrantzitsuago jotzen dugu atzeraezinak izatea», gaineratu du Iraolak.
Aldundiaren Berdinbidean aholkularitza programan hainbat urte daramatza Alegiak. «Aurretik diagnostiko bat egin genuen, parekidetasunaren aldetik herrian zer behar ikusten ziren jasotzeko», azaldu du Agurtzane Lopetegi gizarte langileak. Hartutako erabakietako bat eskola eta udalaren artean prebentzio programa bat abian jartzea izan zen. Genero indarkeria DBH3n lantzen da eta sexu heziketa DBH2n. «Sei-zazpi urte daramatzagu, eta programa bezala ondo funtzionatzen dute, positiboki baloratzen ditugu eta horrekin jarraituko dugu», esan du Lopetegik.
ETXERA ITZULTZEKO LAGUNTZA
Orendaingo bidegurutzean elkartzeko ordutegiak:
Asteazken gauean: 02:00etan eta 04:00etan.
Ostegun gauean: 03:00etan.
Ostiral gauean: 02:30ean eta 05:00etan.
Larunbat gauean: 02:30ean eta 05:00etan.
Igande gauean: 01:00etan.