Alegiako Festak 2018

Alegiako Karmen jaiak 2018: egitaraua

Ataria 2018ko uzt. 4a, 19:18

Mari Tere Munduate eta Sagrario Aranburu herritarrek botako dute jaien hasiera iragarriko duen txupinazoa. Vilafranca del Penedes herriko castellers-en erakustaldia izango da aurtengo festetako ekitaldi berezienetako bat.

Badatoz Alegiako jaiak. Uztailaren 13tik 16ra bitartean ospatuko dira eta ohi bezala, lau egun horietan ez da festa girorik faltako Alegiako kaleetan. Festa batzordeak adin guztietako herritarrei zuzenduriko egitarau zabala prestatu du. Mari Tere Munduate eta Sagrario Aranburu herritarrak izango dira txupinazoa botatzeko ardura izango dutenak. Urte askoan herriko erreferentzietako bat izan den janari denda baten ardura izan dute eta erretiroa hartzeko garaia iritsi zaienean, denda itxiko dute. Hori dela eta, festa batzordeak herritarren esker ona eta errekonozimendua jasotzeko aukera eskaini nahi die, txupinazoa botaz.

Ostiralean bertan, txupinazoaren ostean, Bartzelonako Vilafranca del Penedes herriko castellers-en erakustaldia izango da. 1948an sortutako taldea da eta mila lagun baino gehiagok osatzen dute. 2002az geroztik Tarragonan bi urtez behin jokatzen den giza dorreen txapelketa sonatuaren ekitaldi guztiak irabazi ditu talde horrek eta atzerrian ere askotan ibili dira, Kataluniako enbaxadore modura.

1973an Parisen izan zirenetik, Londres, Erroma, Txile, Mumbai, New York eta Shangai dira, besteren artean, bisitatu dituzten lekuak eta Euskal Herrian ere hainbatetan izan dira, Donostian, Elorrion eta Zumarragan, kasu. Ikuskizunak gainera erronka bat ere badakar. Izan ere, Euskal Herrian orain arte ez da bederatzi pisuko giza dorrerik egin eta Castellers de Vilafranca taldeak lehen aldiz egingo du hori Alegian.

Bestelakoan, festen lehen egunean, bertso saioa eta Skasti eta Bad Sound System taldeen kontzertuak izango dira. Larunbat eguerdian sagardo dastaketa izango da eta arratsaldean goitibehera jaitsiera eta pilota jaialdia izango dira. Igandean Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzen alardea eta Tio Teronen  Semeak taldearen emanaldia dira ekitaldi nagusienak, eta azken eguna haurrena eta erretirodunena izango da.

Uztailak 13, ostirala
17:00. Haurren Santos Torneoaren areto futboleko finala eskolako patioan.
18:30. Kartel lehiaketan parte hartu duten marrazkien erakusketa udaletxeko arkupetan.
18:30. Ordiziako erraldoi eta buruhandi, Loatzo musika eskolako trikitilari eta Giroarte dultzaina taldeekin kalejira Larraitz auzotik plazaraino.
19:00. Elkarretaratzea plazan Euskal preso eta iheslariak etxera lelopean.
19:00. Txupinazoa Mari Tere Munduate eta Sagrario Aranbururen eskutik. Jarraian, txintxarriaren jaitsiera, jaien hasiera iragartzeko.
20:00. Castellers de Vilafranca taldearen emanaldia plazan.
21:00. Zahagiardoa zubian.
22:30. Bertsolariak Elizpe zinema aretoan: Sustrai Colina, Amets Arzallus, Iker Zubeldia, Uxue Alberdi eta Beñat Iguaran. Gai-jartzailea: Mikel Artola.
00:00. Skasti eta Bad Sound System taldeen kontzertuak.

Uztailak 14, larunbata
09:00. Giroarte taldeak alaituriko diana.
11:00-14:00. Haur parkea eskolako patioan.
12:00. Sagardo dastaketa sardina eta txorizo erreekin, Irma Karrera eta Axier Unsain trikitilariek alaiturik. Sagardotegiak: Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Zalbide, Aburuza eta Zabala.
15:00. Alegiako III. Goitibehera jaitsiera Napar-Etxeberritik behera.
16:30. Haur parkea eskolako patioan.
18:00. Pilota partidak. Alegiako VIII. Pilota txapelketako finalak: kadeteak, Amiano-Uzkudun eta Zubeldia-Lizeaga; afizionatuak: Eneko Labaka-Aizpuru eta Zubiria-Garmendia. Ondoren, profesionalen partida: Artola-Urretabizkaia eta Arteaga-Erasun.
18:30. Apar festa.
21:00. Zahagiardoa Larraitz auzoan.
22:45. Psycho-Clown taldearen emanaldia kaleetan zehar.
00:00. DJ Josu Rodriguez.

Uztailak 15, igandea
09:00. Kalejira berezia, herriko txistulari ohiekin.
12:15. Leiho eta balkoi ederrenaren sari banaketa.
12:30. Txistularien alardea Txintxarri txiki abesbatza, Txintarri abesbatza eta Sutarri dantza taldearen partaidetzarekin plazan. Tartean herriko txistulariei eskertza ekitaldia.
17:00. Umeentzat jokoak herriko gazteen eskutik, eskolako patioan.
18:30. Herri kirolak Larraitz auzoko plazan: Harri-jasotzaileen XIII. Txintxarri Saria eta Gipuzkoako harri txikien txapelketa. Parte hartzaileak: Aimar Irigoien, Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.a', Mikel Lopetegi 'Urra', Imanol Albisu 'Goikoetxe', Xabier Peñagarikano 'Peña' eta Xabat Olaizola. Idoia Etxeberria eta Karmele Gisasola harri-jasotzaileen saioa harri desberdinekin.
19:30. Tio Teronen Semeak taldearen Freshcool emanaldia.
20:45. Zahagiardoa plazan.
21:45. Sutarri dantza taldearen emanaldia plazan. Ondoren, dantzaldia Joxe Mendizabalen eskutik.

Uztailak 16, astelehena
09:00. Loatzoko trikitilarien diana.
09:00. Jubilatuek antolatutako mendi ibilaldia.
09:00. 3X3 Saskibaloi Txapelketa eskolako patioan. Kadete, infantil eta alebin mailak.
12:00. Erretirodunentzat hamaiketakoa.
14:00. Umeen bazkari herrikoia plazan.
15:00. Haurrentzako Play-back saioa. Ondoren, zumba saioa.
16:30. Sardina frexkue haur antzerkia plazan.
18:00. Umeentzako txokolatea plazan.
18:30. Herritarren arteko toka txapelketa plazan 12 eta 15 urte bitartekoentzat eta ondoren 16 urtetik gorakoentzat.
19:30. Fan&go dantza taldeekin erromeria
21:00. Zahagiardoa plazan.
23:00. Fan&go taldearekin erromeria.
00:00. Txintxarriaren erreketarekin agurra egingo diete aurtengo jaiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!