Alegiako Festak 2018

Abian da festetako kartel eta logotipo lehiaketa

Ataria 2018ko maiatzaren 3a

Iazko kartel eta logo irabazleak.

Maiatzaren 18a bitarte aurkeztu daitezke lanak bi modalitateetara; herritarrek erabakiko dituzte irabazleak, bozka bidez.

Alegiako Udaleko Festa batzordea uztailean ospatuko diren herriko jaien prestaketa lanetan murgilduta dabil. Azken urteetan egin den moduan, aurten ere kartel eta logotipo lehiaketa antolatu dute eta lanak aurkezteko epea zabalik dago datorren maiatzaren 18ra, ostirala, bitartean. Ohi bezala, kartel irabazlea festetako egitarauaren azala izango da eta logotiporik onena berriz, festetako kamiseta eta bestelako argitalpenetan erabiliko dute.

Lehiaketan parte hartzeko baldintzen artean, 12 urtetik gorako edozein alegiarrek edo herriarekin loturaren bat duen edonork hartu ahal izango du parte. Aurkezten diren lan guztiek derrigorrez «Alegiako festak 2018» testua izan beharko dute, eta jai horien ezaugarri, irudi edo leloren bat ere izan beharko dute. Pertsona bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu eta aurkezterakoan, gutun-azal itxi batean egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta adina adierazi beharko dira. Kanpoan, berriz, egilearen goitizena eta kartelerako edo logotiporako den zehaztu beharko da. Lanak Alegiako kultur etxean aurkeztu behar dira.

Zehaztapen teknikoen inguruan, kartelerako diren lanak A3 neurrian aurkeztu behar dira eta logotipoak 21x21 neurrian. Teknika librea izango da; hau da, eskuz, akuarelaz edo nahi den moduan egin litezke irudiak eta baita modu digitalean ere. Azken kasu honetan, jpg formatuan aurkeztu beharko da eta gutxienez 300 ppi-ko bereizmenarekin. Koloretan izan beharko dute, logoaren kasuan gehienez lau kolore eta beste inon aurkeztu gabeak.

150 EUROKO SARIAK

Sarien inguruan, herritarrak izango dira bozka bidez irabazleak aukeratuko dituztenak. Maila bakoitzeko irabazleak 150 euroko diru saria izango du. Lehiaketaren oinarriak osorik Alegiako Udalaren webgunean kontsultatu daitezke. Horrez gain, informazio gehiagorako Alegiako kultur etxera joan daiteke edo 943 65 46 98 telefono zenbakira deitu behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!