Artola ezeztatu egin du Elezkano II.ak

Ataria 2018ko apirilaren 23a

Iñaki Artolak ez du partida txarra jokatu gaur Tolosako Beotibar pilotalekuan. Elezkano II.ak, ordea, jokotik, partidatik eta txapelketatik ezeztatu du alegiarra.

22-11 nagusitu da bizkaitarra, eta bere, arma sakea izan da. Zuzenean bi tanto bakarrik lortu ditu Elezkano II.ak, baina goitik loratutako sake gurutzatua trabatu egin zaio Artolari. Nola erantzun jakitea ere ez zen erraza. Atzera joan eta botera erantzuten saiatu da, airez, eskuinez, ezkerrez... baina ezin errematea kendu. Aurkaria zoriontzea geratzen da.

Elezkano II.ak bi pilota galdu eta 16 tanto egin ditu. Horietatik bederatzi airez. Artolak lau galdu eta bederatzi egin ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!