Bertsolaritza eta antzerkia, uztartuta

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 11a, 10:29
'Petresku, etzi ez etsi' antzezlanaren une bat. LANKU

Haurrei zuzendutako 'Petresku, etzi ez etsi' obra, ostiral arratsaldean ikusgai.

Eneko Arrate eta Eider Perez ariko dira etzi, Alegiako Elizpe zinema aretoan, Petresku, etzi ez etsi antzezlana eskaintzen. 16:15ean hasiko da emanaldia, eta Iturri Zahar guraso elkarteak antolatu du. «Bertsolaritza oso presente duen antzezlana da», esan du Arratek.

Bi protagonista nagusi daude. Batetik, Eneko, herri euskaldun bateko mutil euskaldun bat. Bertsolaritza gaztetik ezagutu duena eta bertso eskolan izena eman duena. Bestetik, Laida, Errumaniatik orain urte gutxi etorritako neska bat, nahiz eta euskara ondo ikasi duen, oraindik lotsak eta beldurrak dituenak. Bien artean sortutako poztasun uneak eta tirabirak jasotzen dira antzezlanean.

Orain urte eta erdi hasi ziren antzezlanarekin. «Jon Maiak idatzitakoa da, bere bizipenetan oinarrituta», esan du Arratek. «Gidoi horretan oinarrituta sortu genuen bertso-antzezlan bat. Jon Maiak bere hastapenetako bertso egoera batzuk gidoi batean ipini zituen, eta gero guk, bere laguntzarekin, antzezlanera pasa genuen».

Bertso idatziak dituzte, baina bat-batean ere aritzen dira antzezleak, «lekua eta egoeraren arabera», esan du Arratek. «Guri gustatzen zaigu leku batera egokitzea, dagoen adin tartearen arabera edota herriaren arabera. Ez da berdina Alegian egitea antzezlana, bertako haurrek bertsolaritza ezagutzen baitute, edota Basaurin egitea».

Gaztetxoei zuzenduta dago, gutxi gorabehera 5 urtetik 12 urte bitartekoei. Bertsolaritzaren berri izatea da helburu nagusietako bat. «Bestalde, integrazioa eta inklusioa lantzen da, hau da, kanpotik etorritako jendea euskarara nola txertatzen den, eta euskaldunok zer jarrera dugun eurekin», azaldu du Arratek

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!