Ospakizunez haratago

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 3a, 09:00
Argazkia: Txarli Gesteira

Alegiako Gaztetxeak egitarau oparoa antolatu du bere 30. urteurrenaren harira; azaroan eta abenduan dira ekitaldiak.

Azken 30 urtetan egin moduan, ekitaldiz bete du urtearen amaiera Alegiako Gaztetxeak. Urteurrena ospatzearen aitzakian, hainbat kontzertu, hitzaldi, antzezlan, otordu... antolatu dituzte, gaurtik hasita, azaroan eta abenduan zehar.

Irailetik lanean ari dira Gaztetxean egitaraua osatzeko. Alex Goikoetxea Alegiako Gaztetxeko kideak azaldu duenez, «lana da, baina aldi berean, pentsatzen jarrita, polita da ere bai urteurreneko ekimen bat izatea eta hainbeste urte mantendu izana. Saltsa polita sortzen du, eta gainera, urteurrenaren aitzakian, une honetan gaztetxean gabiltzanok eta aurretik ere ibili direnak parte hartzeko ohitura hori egon da beti, eta espero dugu mantentzen jarraitzea». Horrez gain, belaunaldi berrientzako ere «polita» dela dio Goikoetxeak «ikustea herrian horrelako zerbait dagoela eta parte hartu ahal dezaketela. Bileretan parte hartu dute, lan taldeetan sartu dira, eta pixkana ikusten da Alegian gazteen aldetik badagoela indarra eta gogoa gauzak ondo egiteko, eta Gaztetxe honi behintzat beste 30 urtetan iraupena emateko».

Urte guzti hauetan, denborak aurrera egin ahala, belaunaldi berriak sartzen joan direla esan du Goikoetxeak, eta aurretik egondakoak apartatu, baina ez direla guztiz atera. «Gazte Egunarekin lortu dena da azken urteotan jende berriak Alegiako Gaztetxea zer den jakitea, eta hortik ikusten da jendeak baduela gogoa eta aurrera begira etorkizuna badagoela».

Urtean zehar aritu dira 30. urteurrena ospatzen, eta Goikoetxeak nabarmendu du datorren urtearen hasierarako ere lanketa egiten ari direla, hitzaldiak eta kontzertuak antolatzeko. «Hau aurrera doa, ilusio eta gogo handiz gaude denak», esan du. «Ez dadin izan azaroa eta abenduko kontu bat, eta urtean zehar herria sustatzen jarraitzeko gogoz gaude».

Hasteko, Katalunia

Urteurrenaren ekitaldi sortarekin hasiko da gaur eta gaia Katalunia izango da. Udalarekin batera antolatu dituzte ekitaldiak. Horrela, Jordi Pujol Lizana CUPeko zinegotziaren eta Juanra Kop musikari eta aktibistaren hitzaldia Elizpe zinema aretoan izango da. Bien bitartean, Katez eta KOP taldeen kontzertuetarako dena prestatzen ariko dira gaztetxean. Hitzaldiaren ondoren, zahagiardoa egingo dute plazan, eta hor ere udalak bere ekarpena egin du, edaria jarriz. Zahagiardoetan ohi denez, bakoitzak eraman beharko du janaria.

Alegiako Gaztetxearen ikurretako bat kontzertuak izan dira urte guzti hauetan eta urteurreneko egitarauan ere bere leku nabarmena izango dute. The Guilty Brigade, Non Servium, Nomadak, EtsaiakEroak, Polygorn eta Willis Drummond taldeak entzun eta ikusteko aukera izango da.

Hitzaldiek ere leku aipagarria izango dute. Batetik, Jakue Pascualek Movimiento de resistencia. Años ochenta en Euskal Herria bere liburuari buruz hitz egingo du; bestetik, Goiener energia berriztagarrien kooperatiba ezagutzeko eta energiaren gaur egungo egoeraren berri izateko aukera izango da; azkeneko hitzaldia Gazteak Kalean plataformaren eskutik izango da. Antzerkiak ere bere lekua izango du Zurrunka Teatrorekin.

Bestalde, ohiko egunak izango dira gaztetxean: Zerbeza Ferie, artisau garagardoekin; pintxo-pote berezia, Gaztetxearen historiari errepasoa eginez; urteurreneko festa eta umeen eguna.

 

KLIKATU KARTELEAN EGITARAU OSOA IKUSTEKO:

 

Erlazionatuak

Alegiako Gaztetxearen 30. urtemuga

Tolosaldeko Ataria 2017 aza 03 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!