Memoria historikoa berreskuratzeko lanketa, abian

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 1a, 09:18

1936 eta 1945 urteen artean Alegian gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak jasotzea da helburua, eta herritarren parte hartzea eskatu dute horretarako.

Alegian 1936 eta 1945 urteen arteko memoria historikoa berreskuratzeko proiektua martxan jarri dute. Alde batetik, hainbat artxibotan Alegiari buruzko informazioa bilatuko da, eta bestetik, oroimenaren bulegoa jarriko da martxan udaletxean ostiral honetatik hasita. Aranzadi Zientzia Elkarteak egingo du informazio bilketa.

Aurreko astean egitasmoaren berri eman zuten jendaurrean, eta bertan Unai Iraola alkateak adierazi zuenez, aurreko legealditik zuten ideiaren jarraipena da: «Gerra hura izan zela 81 urte pasa direnean, nolabaiteko justizia egin behar denaren sentimendu batetik sortzen da proiektua. Isilpean egon diren sufrimendu eta egi batzuk argitara ekarri nahi dira». Gaur egun dauden baliabideekin lanketa historikoa egin nahi dela gaineratu zuen Iraolak. «Egia, justizia eta erreparazioaren helburuak bete nahi ditugu».

Bide horretan «metodologia zientifikoa» erabiliko dela azaldu du Iraolak, «egi hori ahal den garbiena agertzeko. Iruditzen zaigu egin beharreko ariketa bat dela hau. Batzuentzako berandu etorriko da, 81 urte asko direlako. Hori kontuan izanik ere, iruditzen zaigu behin ere ez dela berandu, eta horrelako ariketa bat Alegiako herriak bezala Euskal Herriak herri bezala egin beharrekoa dela, eta benetako elkarbizitza sanoa eta memoria duena edukitzeko egin beharreko aurrerapausoak direla».

Iraolak gaineratu zuen proiektua ez dela udalarena bakarrik, «herri guztiaren aukera da gure memoria berreskuratzeko eta atzetik datorkigun historiarekin pixkana bakeak egiteko». Informazioa emango duten herritarrei eskertu zien bere parte hartzeagatik, eta azaldu zuen proiektu horrekin «justizia pixka bat egiteko bidea irekitzea» espero dutela.



OROIMEN BULEGOA, OSTIRALETAN

Egitasmoaren aurkezpenean Aranzadiko kideak ere izan ziren. Javi Buces da memoria historikoa berreskuratzeko arloaren buru Aranzadin, eta berak azaldu zuenez, Alegian egingo den moduko tokiko ikerketak bi partetan banatzen dituzte. Batetik ikerketa historikoa, hainbat artxiboetan egiten dena, bai lokala, bai militarrak, bai eklesiastikoak eta baita estatalak ere. «Hortik dokumentuak eta informazioa jasotzen dugu. Adibidez, Alegiako artxiboetan dauden aktak eta diligentziak», esan zuen Bucesek.

Paraleloki oroimen bulegoa martxan jartzen dute herritarren testigantzak eta izan dezaketen dokumentazioa eta argazkiak jasotzeko. «Dena ez dagoelako artxiboetan», zehaztu zuen Bucesek, «badago etxeetan gordeta dagoena».

Alegiako udal artxiboa arakatu eta oroimen bulegoan harrera egiteko ardura izango du Ione Muxika ikerlariak. Bulegoa udaletxeko bigarren solairuan izango da, azaroaren 3tik hasi eta abenduak 1a bitarteko ostiraletan. 10:00etatik 13:00etara izango da zabalik. Norbaitek ezin badu bertara joan 943 46 61 42 telefono zenbakira deitu edo imuxika@aranzadi.eus posta elektronikora idatzi dezake informazioa emateko. Muxikak herritarrei «lasaitasun osoz» berarekin harremanetan jartzeko edota bulegora joateko gonbita egin zien.

Bucesek gaineratu zuen proiektuaren helburua zer gertatu zen jakitea dela, «eta batez ere zeinek sufritu zuen errepresioa, izen eta abizenekin eta posible bada argazkiarekin». Bestalde, errepresio espontaneoa ez dagoela artxiboetan hainbeste jasota azaldu zuen, adibidez emakumeenganako errepresioa. «Gauza hauek jasotzeko oso garrantzitsua da herritarren ekarpena», esan zuen.

Aranzadiren lana egia jakitea dela adierazi zuen Bucesek, eta justizia eta erreparazioarena beste erakunde batzuei dagokiela. «Egia jakin gabe ezin da justizia eta erreparazioa egin», zehaztu zuen. Informazioa bildu ondoren, aurrera begira dibulgazio liburu bat egitea da asmoa: «Funtzio sozial bat izan dezan jasotako informazio horrek, datuak ez geratzeko gordeta leku batean».

Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusia ere aurkezpenean izan zen eta memoria historikoa berreskuratzeko proiektua ez dela «gerraren historia bat egitea» esan zuen, «hau ez da ideologia horien historia bat. Interesatzen zaizkigu pertsonak, bizilagunak, alegiar guzti horiek, eta Alegian gertaturiko giza eskubideen urraketa guztiak. Nahiz eta kanpotarra izan, Alegian izan bazen giza eskubideen urraketa, jaso nahi dugu».

Alegian zein beste herri batzuetan egiten ari diren lanketa horrekin Hego Euskal Herriaren «erradiografia» bat egiten ari direla esan zuen Agirre Mauleonek. Herritarrei dei egin zien parte hartzeko: «Hainbeste urte pasa eta gero dagoeneko ez da beldurrik izan behar ezertaz. Beldurra izan behar dugu galtzen delako argazki zahar bat, hiltzen delako aiton bat... Hitz egin behar da lasai».

Erradiografia hori egiteko denbora gutxi dagoela gaineratu zuen: «2019 hasieran bukatuta egon behar da. Alegiar bezala jakin behar duzue zer gertatu zen, eta aldarrikatu behar dituzue ahal diren izenak zuen historian, euskaltzalea zelako, zinegotzi demokratikoa zelako, udaletxeko kargu batetik kendu zutelako... Aldarrikatu behar dira izen horiek eta jarri behar ditugu hor idatzita». Informazio guztia ez dela lortuko esan zuen, «orokorrean garaipena lortu zuten horiek froga gutxi» utzi zituztelako. «Halere, sorpresa handiak izaten ditugu».

Erradiografia borobiltzeko herritarren parte hartzea «ezinbestekoa» dela azaldu zuen. Jasotako informazioa gero udalari emango zaio. «Udal demokratiko batek hori izan behar du», gaineratu zuen. «Guk ikerketa egiten dugu eta gero udalak egingo du erreparazioa egokien ikusten duen moduan».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!