Bigarrengo denboraldiari ekingo dio gaur zineklubak

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 22a, 11:07

'Some like it hot' pelikularen kartela.

Abendura bitarte zazpi film emango ditu Alegialdeko Zineklubak Alegiako Elizpe zinema aretoan.

Aurreko ikasturtean jarri zen martxan Alegialdeko Zinekluba, Ziortza Artola alegiarrak eta Beñat Esnaola orendaindarrak bultzatuta, eta ekimenak jarraipena izango du gaur bertan hasiko den bigarren denboraldiarekin, Alegiako Elizpe aretoan.

Artolak azaldu duenez, «modu xelebre batean» hasi zen zinekluba sortzearen ideia: «Beñat eta nik aurreko urtean ikasgai komun bat genuen unibertsitatean. Hitz egin genuen Alegian zinema aretoa bazegoela, areto ederra gainera, baina ikusten genuen haurrentzako igandetan eta hilean behin nerabeentzat izaten zirela pelikulak». Programazioan, beraz, «hutsune» bat ikusten zutela dio, eta ostiral gauetan Alegiari «bizitasun pixka bat» emateko aukera izan zitekeela. «Bion artean elkarrizketan hasi, berotu eta esan genuen bion artean martxan jarriko genuela zinekluba. Lehenengo saioa Emakume Langilearen Egunean eman genuen eta emakume bati buruzko pelikula batekin hasi ginen. Ondoren beste zazpi saio egin genituen», azaldu du Artolak.

Zinekluba martxan jartzeko udalarekin jarri ziren harremanetan. «Ez zuten arazorik jarri, eta gero Alegiako guraso elkartearekin jarri ginen harremanetan, beraiek baitira igande arratsaldean umeentzako saioak antolatzen dituztenak», azaldu du Artolak. «Zinema aretoaren funtzionamendua beraiek erakutsi ziguten, eta eskertu behar diegu bai udalari zein guraso elkarteari emandako laguntza».

Aurten taldea handitu egin da eta orain guztira bederatzi kide daude Alegialdeko Zineklubean. «Guztien artean erabakiak hartuz goaz, eta gogotsu gaude gaur gauean denboraldi berriari hasiera emateko», esan du Artolak. Taldeko kide izan nahi duen orori gonbidapena zabaldu diote. «Aberastasun handia ekartzen du talde handi bat sortzeak eta bakoitzak bere interesen araberako pelikulak gomendatzeak», esan du Artolak. Facebook-en orria dute eta bertatik jarri daiteke nahi duena zineklubarekin harremanetan.

Aurreko denboraldian «indartsu» hasi zirela dio Artolak jende kopuru aldetik, eta gero gutxitzen joan zirela. «Etorri zen jendea gustura geratu zen, gu ere bai, eta indarrarekin eta gogoarekin gaude aurrera jarraitzeko», esan du Artolak.

Hasteko, 'Some like it hot'

Taldean erabaki dituzte zein diren emango dituzten filmak. Bakoitzak bere zerrenda egin du eta gero bozketa bidez erabaki dituzte zein izango diren lehenengo zazpi pelikulak. Abendura bitarte emango dira film horiek, hamabostean behin eta ostiraletan. Denboraldiaren bigarren zatia urtarriletik Aste Santua bitartean izango da, eta filmak erabakitzeko ere modu berdina erabiliko dute.

Emanaldia hasi aurretik pelikularen zenbait datu ematen dituzte eta baita testuingurua ere. «Filma bukatzen denean eta jendeak zerbait komentatzeko gogoa badu, hizketan geratzen gara. Filmak ez badu hausnartzeko bide handirik eman, amaitutzat ematen dugu saioa», esan du Artolak. «Pelikularen eta unearen arabera izaten da hori».

Bigarren denboraldiari hasiera emateko pelikula Willy Wilder zuzendariaren Some like it hot izango da, hemen gaztelerazko izenburuarekin ezagunagoa dena, hau da, Con faldas y a lo loco. Filma 1959koa da eta Marilyn Monroe, Tony Curtis eta Jack Lemmon dira aktore protagonistak.

Denboraldiko lehen zatirako «denetatik» proposatu dute zineklubekoek. Hasiera batean ez dituzte pelikulen bertsio originalak jarriko. «Gerora asmoa dugu filmen bat horrela izateko eta film euskaldunak ere jartzeko. Gustatuko litzaiguke, adibidez, Handia pelikula ere ikusi ahal izatea denboraldiaren bukaeran», dio Artolak.

Zinema asko gustatzen zaiela esan du Artolak: «Zineklubak aukera ematen digu beste norbaitek gomendatutako pelikulak ikusteko. Beste motibazio bat ere bada herriak dituen baliabideak erabili ahal izatea. Iazko denboraldiaren ilusio berdinarekin gaude aurtengoan. Espero dugu datorrenean ere horrela jarraitzea».

EGITARAUA

IRAILAK 22, GAUR

22:15. Some like it hot filma, Con faldas y a lo loco izenez ezagunagoa.

URRIAK 6, OSTIRALA

22:15. Estiu 1993 filma.

URRIAK 20, OSTIRALA

22:15. Dr. Strangelove filma.

AZAROAK 3, OSTIRALA

22:15. The man who wasn't there filma.

AZAROAK 17, OSTIRALA

22:15. The full monty filma.

ABENDUAK 1, OSTIRALA

22:15. Agassi filma.

ABENDUAK 15, OSTIRALA

22:15. The apartment filma.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!