Alegiako karmenak 2017

Aldaketekin dator aurten Leiho eta Balkoi Dotoreenaren Lehiaketa

Ataria 2017ko uztailaren 6a

Aurten epaimahaiak herriko balkoi eta leiho guztiak aztertuko ditu izena eman beharrik gabe.

Alegiako Festa batzordeak aldaketa batzuk egin ditu Leiho eta Balkoi Dotoreenaren Lehiaketako oinarrietan. Orain arte, parte hartu nahi zutenek izena eman behar izaten zuten baina aurten ez da hori egin beharrik izango. Epaimahaiko kideak herriko kaleetan ibiliko dira uztaileko lehen astean eta modu horretan herriko leiho eta balkoi guztiak aztertuko dituzte.

Hainbat irizpide izango dituzte kontuan balorazioak egiterakoan: kolorea, landareen aniztasuna, estetika, konbinaketa eta txukuntasuna. Ohi bezala, epaimahaiko kideak gai horretan adituak diren pertsonak izango dira eta beraien erabakiaren berri Alegiako jaietan emango dute. Uztailaren 16an, igandea, 12:15ean emango da emaitzen berri eta sari banaketa ere bertan egingo da. Irabazleak 200 euroko opari txartela izango du Alegiako saltokietan erosketak egiteko. Bigarren sailkatuak 125 eurokoa eta hirugarrenak 75 eurokoa. Saria jasotzera egunean bertan joan beharko da eta epaimahaiaren erabakia behin betikoa izango da.

Berrikuntza hauekin, antolatzaileek herritarrak leiho eta balkoiak zaintzera eta txukun mantentzera bultzatu nahi dituzte. Leiho eta balkoiak apaintzeko garai bateko ohitura berreskuratu nahi da, txukun mantenduta ingurumenari eta herriaren itxurari ere onura ekartzen diolako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!