Alegiako karmenak 2017

Festetako kartela eta logoa, aukeratuta

Ataria 2017ko ekainaren 13a

Kartel irabazlea ezkerrean, eta logo irabazlea eskuinean.

June Gonzalezen kartela eta Felix Irazustabarrenaren logoa izan dira irabazleak.

2017ko Alegiako jaiek badituzte egitarauaren azala eta logotipoa. Festa batzordeak kartel eta logotipo lehiaketa antolatu zuen azken urteetan egin duen bezala, eta aurkeztutako lan guztiak erretirodunen tabernan egon dira erakusgai, herritarrek beraien botoen bidez irabazleak aukeratzeko. Kartelen sailean guztira bederatzi lan aurkeztu ziren eta horien artean June Gonzalezen lana izan da boto gehien jaso duena. Guztira 14 boto jaso ditu, bigarren geratu denari bi botoko aldea aterata. Irudi hori izango da jaietako egitarauaren azala. Gonzalezek Eizmendi jatetxean bi lagunentzako afaria eta 100 euroko diru saria irabazi ditu.

Logotipo lehiaketari dagokionean, zortzi izan ziren aurkeztutako lanak. Felix Irazustabarrenak irabazi du hamazazpi botorekin. Bigarren geratu den lanak baino hiru boto gehiago jaso ditu eta jaietarako egiten diren kamiseten irudia izango da, besteak beste. Kartel lehiaketako irabazlearen modura, Irazustabarrenak ere Eizmendi jatetxean bi lagunentzako afaria eta 100 euroko diru saria jasoko ditu irabazteagatik.

Guztira 68 izan dira jaso diren botoak. Botoa eman duten guztien artean ardo botila baten eta gazta baten zozketa egin da, eta Ana Zabala izan da irabazlea. Festa batzordeak eskerrak eman nahi dizkie, lehenik, lehiaketara lanak aurkeztu dituzten guztiei, eta baita bozketan parte hartu duten herritarrei ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!