Auzokonposta egin nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete

Ataria 2016ko abe. 29a, 10:10

Udal bulegoetan edo posta elektronikoz eman ahal izango da izena; urtarrilaren 13an amaitzen da epea.

Alegiako Udalak aurrera jarraitzen du herritarrei auzokonposta egiteko aukera ematea helburu duen egitasmoarekin. Hori horrela, auzokonposta egin nahi dutenentzat izena emateko epea zabalik dago.

Abenduaren 13an egin zen bilera informatibo irekian ekimenaren nondik norako guztiak azaldu zitzaizkien bertaratu zirenei. Auzokonpostak hondakin organikoa beste modu batera kudeatzeko aukera eskaintzen du. Udalak auzokonposterako hiru gune kokatu ditu herrian zehar. Don Pio Montoya plazan, Erbeta parkean eta Larraitz auzoko mendebaldean daude eta auzo konposta egin nahi dutenek eguneko edozein unetan bota ahal izango dute hondakin organikoa bertara, ordutegi zehatzik gabe.

Gauzak horrela, lehen bilera horren ostean, izena emateko epe bat zabaldu da auzo konposta egin nahi duten herritarrentzat. Epe hori datorren urtarrilaren 13ra, ostirala, bitartean egongo da zabalik eta bi modutara eman ahal izango da izena. Alde batetik, udaletxera joan eta bertako bulegoetan eman ahal izango da, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara bitarte. Bestetik, komunikazioa@alegia.net helbidera mezu bat bidalita. Mezu horretan ondoko datuak eman beharko dira: izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbaki bat.

Behin izena emateko epea itxita, auzo konposta egiteko interesa duten herritarren artean prestakuntza tailer bat egingo da prozesuaren funtzionamendua azaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!