Alegiako Festak 2016

«Emakumeen kirol mundua bultzatzeko modu egokia da»

Imanol Garcia Landa 2016ko uzt. 13a, 13:07

Nora Alustiza, Amaia Otamendi eta Ainhoa Garmendia, udaletxeko balkoian.

Ainhoa Garmendia, Amaia Otamendi eta Nora Alustiza kirolariek, beste batzuekin batera, jaiei hasiera emango dien suziria botako dute. Ez zuten espero txupinazoa botatzeko gonbita jasoko zutenik; neska gazteentzat eredua eta motibagarria dela deritzote.

Bihar, txupinazoa botatzerakoan, balkoian egongo diren protagonistetako batzuk dira Ainhoa Garmendia pilotaria, eta Amaia Otamendi eta Nora Alustiza futbolariak. Beraiekin batera izango dira Ainhoa Ontsalo pilotari eta futbolaria, Miren Salbador arraunlari ohia, Paula Del Pozo igerilari eta atleta, eta Intxurre futbol elkarteko jubenil taldeko kideak.

Zer suposatzen du herriko festen txupinazoa botatzeak?

Ainhoa Garmendia. Ni ez naiz hasi pentsatzen ere. Esan zidaten eta baietz esan nuen. Poza ematen du, eta baita ardura ere.

Amaia Otamendi. Poza hartu nuen, baina ez zidan eman pentsatzeko aukerarik. Oraingoz ez dut guztiz asimilatu, balkoian nagoenean ikusiko dugu urduritasuna nolakoa izango den.

Nora Alustiza. Ez nuen espero, eta esan zigutenean gustura hartu genuen. Gogoa dugu botatzeko, baina urduritasuna ere bai.

Eta zuek, Ainhoa eta Amaia, espero zenuten horrelakorik?

A.G. Ez nuen ezta planteatu horrelakorik. Korrika egitetik nentorrela Patxi Renobalesek esan zidan eta baietz erantzun nuen, egongo nintzela txupinazoan. Horrelako gauzak ez dituzu pentsatzen, nik behintzat.

A.O. Ni harrituta utzi ninduen, haurrekin torneo batean nengoela esan zidan, eta baietz erantzun nuen.

Zer iruditzen zaizue emakume kirolariek txupinazoa botatzea?

N.A. Niri oso ondo iruditzen zait. Nik dakidala inoiz ez da aurretik hau egin, eta emakume kirolariei aukera ematea ondo iruditzen zait, babestu behar den gauza bat iruditzen zaidalako.

A.O. Alorra bultzatzeko modu egoki bat dela iruditzen zait. Herrian mutilek eta neskek kirola egiten dugula jakina da, baina honekin fokua neska kirolariengan jartzen da, eta honekin erakusten da herriak bultzatu egiten duela alor hori.

A.G. Baita ere gazteek jakin dezaten kirola egiten duten neskak daudela eta maila nahiko onean batzuk. Denek ikusten dute Artola telebistan, baina guk horrelako zerbait eduki behar dugu prentsan azaltzeko. Nik uste dut eredu bezala egokia dela.

A.O. Haurrak diren neskentzako motibazio bat da ikustea maila altuetan jokatzen duten neska gazte kirolariak daudela. Beraiei bultzada handia ematen die kirola egiten jarraitzeko, eta mutilak dabiltzan mailetara iristen saiatzeko.

Nola izan da aurtengo denboraldia?

A.G. Irailean hasten gara denboraldia Gipuzkoako txapelketarekin, eta hortik aurrera astebururo partidak izaten ditugu. Aurten ez da izan beste urteetan bezain ona postuei dagokionez. Elite mailan finalera iristea lortu genuen eta tanto batengatik ez genuen irabazi. Gero trinketean jokatu dugu azken bi hilabete eta erdi hauetan eta orokorrean gustura. Udan lehiaketa ofiziala gelditu egiten da. Gero herri txapelketak daude eta herriko festa batzuetarako deitu egiten dute, ez bada ere ohikoena. Mugimendu pixka bat izaten da.

A.O. Tolosako C.F. talde nagusian atezain aritu naiz. Denboraldi hasieran pixka bat kosta zitzaigun erritmoa hartzea, baina gero partida irabazten joan ginen eta lortu dugu mailaz igotzea, eta oso gustura. Hurrengo denboraldian ikasketak kanpoan egingo ditut eta ez dut jarraituko taldean. Aurten ere Intxurreko infantil taldea entrenatu dut. Lehenengo aldia izan da, eta gustura ibili gara zeregin horretan. Berriro errepikatzeko moduko esperientzia da.

N.A. Hasiera batean ez genuen uste Intxurren kadete mailako taldea aterako genuenik, ez geundelako behar bezainbeste jokalari. Orduan erabaki zen jubenil mailan aritzea. Ez da izan oso denboraldi ona; beste urteetan kopa irabazi izan dugu edo finalera iritsi, baina aurten gehienak kadete mailakoak ginen eta lehenengo urtea zen hamaika jokalarirekin jokatzen genuela. Ez zaigu oso ondo joan, aurkariekin ezberdintasun handia nabaritzen baitzen.

Nola ikusten duzue emakumezkoen kirol mundua?

A.G. Aukera askoz gutxiago daude, eta jende kopuruz askoz gutxiago gara. Adinez handitzen goazen heinean, batetik ikasketak daude, bestetik mailak hobetzen doaz, eta orduan kopuruak jaisten doaz. Eta neskek ohiturarik ez dute kuadrillan kirola praktikatzeko. Lehiaketan jarraitzea zaila da, batez ere taldean jokatzen diren kiroletan. Palan aldatzen ari da, herri txapelketa asko daudelako, eta lehiaketa ofizialetatik kanpo emakume asko daude jolasten teniseko pilotarekin, eta hori oso pozgarria da.

A.O. Hasteko eta behin, jendeak txipa aldatu behar du. Nesken kuadrilletan futbolean edo frontenisean jolasteko elkartzen direla ikustea zaila izaten da. Eta hori aldatu beharko litzateke.

N.A. Gu fronteniseko partidak-eta jolasteko elkartu izan gara, baina beti dago mutilez okupatuta frontoia edo joan behar dugun lekura, eta nola mutilak gehiago izaten diren, eta gu bi edo hiru joaten garen, ez dugu izaten jolasteko aukera.

A.O. Bestalde, elite mailako kirolean, emakumezkoengana sosik ez da iristen. Hori gehiago sustatuko balitz, neska gazteak gehiago motibatuko lirateke, eta ahalegin handiagoa ere egingo lukete elite mailara iristeko. Mutil batek 2.B mailan edo Hirugarren mailan, emakumezko batek lehen mailan baino gehiago irabazi ohi du.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!