Herriko emakume kirolariek botako dute aurtengo Alegiako Karmen jaietako txupinazoa. Hori bihar arratsaldean izango da, baina festa giroa gaur bertan hasiko da, Gaztetxeak antolatzen dituen Bibalabirjen jaiekin. Bi egitarauak igandera arte luzatuko dira, eta ohi bezala, inguruko herrietatik jendea erakarriko dute.
Ainhoa Garmendia eta Ainhoa Ontsalo pala jokalariak, Paula Del Pozo igerilaria eta atleta, Miren Salbador arraunlari ohia, Amaia Otamendi futbol jokalaria eta Intxurre futbol elkarteko jubenilen taldeko kideak izango dira bihar udaletxeko balkoian, suziria pizteko. Nati Murua zinegotzi eta festa batzordeko kideak azaldu duenez, «emakumezko kirolariak hor daude, askotan isilean bere lana egiten, eta festa batzordeak erabaki du beraiek botatzea suziria».
Aurtengo berritasunetako bat Sutarri dantza taldearen emanaldia gauez jarri dutela izan da. Hain justu, bihar izango da hori. Beste berritasuna larunbatean egingo den gazteentzako I. Goitibehera Jaitsiera izango da. «Jende dezentek eman du izena», esan du Muruak.
Alegian zahagiardorik gabe ez dago festarik. «Urtean zehar asko egiten dira eta festetan egunero dago», esan du Muruak. Bakoitzak bere janaria eman behar du eta festa batzordeak jarriko du edaria. Horretan bat egiten dute Bibalabirjen jaien egitarauarekin. Ostiralean, gainera, batera egiten dute zubian.
Bulebarrean dute festa gunea Bibalabirjenekoak, eta bertako festa batzordeko kidea den Imanol Irazustabarrenak dioenez, «urtero antzeko egitaraua izaten da, eta jendeak badu buruan nolakoa izaten den». Berritasuna biharko ping-pong eta partxis txapelketak dira. Bestalde, Irazustabarrenak deia egin die ostiraleko bazkarira iaz festetan ateratako kamisetarekin azaltzeko, «kolore pixka bat emateko egunari». Txosnetan ogitartekoak salgai izango dira asteazken, ostegun eta igande iluntzetan. Musika aldetik aukera zabala izango da, bai Karmen jaietan baita Bibalabirjenetan ere.
Kirolak ere bere tartea izango du. Igandean XI. Txintxarri Saria izango da jokoan, eta Euskadiko Harri Txikien Txapelketa. Pilota ere izango da protagonista, Alegiako Pilota Txapelketarekin. Larunbatean izango dira finalak, eta jubeniletan Intxurreko bi pilotari ariko dira aurrez aurre: Artola amezketarra Gaskue iruindarrarekin, Altuna alegiarra eta Aizpuru asteasuarraren aurka. Nagusietan eskualdekoak izango dira denak: Labaka-Erasun zizurkildarrak eta Labaka-Telletxea albizturtarrak. Jaialdiari amaiera emateko profesionalen arteko partida: Artola alegiarra Beroizekin batera Olaizola II.a eta Larunberen aurka ariko dira. Sarrera ordaindu behar da, eta txartela aurretik erosi nahi duenak aukera du Hilario tabernan bihar eguerdira arte.
Festei amaiera txintxarriak joz emango zaio, eta festa batzordetik deialdia egin diete herritarrei ekitaldian parte hartzeko. Aurten ez da Txintxarria erreko. «Txintxarriak joz, dantzariek herriko ereserkia dantzatuko dute, eta Txintxarria jasoko da», azaldu du Muruak.