Ikasturteko lana, taulara

Imanol Garcia Landa 2016ko ekainaren 10a

Aurtengo Sutarri eguneko irudia

Ikasturte amaierako emanaldia egingo du gaur Sutarri Dantza Taldeak; Elorri pilotalekuan izango da saioa, 22:00etan

Sutarri Dantza Taldeak emanaldi batekin agurtuko du ikasturtea, ohi duen moduan. Emanaldi hori gaur bertan izango da, 22:00etan, Elorri pilotalekuan, eta taldeak urte osoan zehar egindako lanaren erakusgarri izatea nahi dute dantza taldeko ordezkariek. 6 urtetik hasi eta 60 urte bitarteko 95 dantzarik hartuko dute parte emanaldi horretan. Zortzi taldetan banatuta ariko dira eta estilo anitzeko dantzak eskainiko dituzte. Euskal dantza tradizionaletatik abiatu eta estilo ezberdinak nahasten dituzten koreografia berriak ere ikusi ahal izango dituzte bertaratzen direnek.

Bigarren urtea izango da Elorri pilotalekuan egiten dutela emanaldia. «Lehen kultur etxean egiten genuen emanaldia, baina nahiko justu geratzen zen, eta erabaki genuen pilotalekura pasatzera», azaldu du Marta Iraola Sutarriko kideak. Iraolak gaineratu duenez, «ilusio eta gogo bereziz prestatu dugu emanaldia, eta herritarrei ikuskizunaz gozatzera hurbiltzeko gonbita egiten diegu». Sarrera doakoa izango da eta emanaldiak ordu eta laurden inguruko iraupena izango du. Gaurko saioaren ondoren, herriko festetan ere emanaldia eskainiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!