Larraitz mendebaldea nola eraberrituko den erabakiko dute auzotarrek

Tolosaldeko Ataria 2016ko eka. 9a, 10:51
Larraitz auzoko mendebaldeko eremuaren erabaerritzeari buruz egingo dute galdeketa.

Bertako biztanleei aurkeztu zaizkien bi proposamenen artean aukeratu beharko dute; ekainaren 13tik 17ra dute aukera.

Larraitz mendebaldea eraberritzeko eta hiritartzeko egitasmoa beste urrats bat ematera doa. Udaleko ordezkariek, proiektuaren arduradun teknikoek eta auzotarrek bilera informatibo bat egin zuten maiatzaren 24an eta egitasmoaren inguruko xehetasun teknikoak azaltzearekin batera, auzotarrek zituzten zalantzak eta galderak argitzeko aukera izan zuten. Maiatzaren hasieran auzoan galdeketa bat egin zen bertan bizi direnek auzoaren inguruan duten iritzia ezagutzeko eta etorkizunean nolako auzoa nahi duten jakiteko. Bertan jasotako erantzunak abiapuntu modura hartuta, arduradun teknikoek bi proposamen prestatu dituzte auzoaren etorkizunari begira. Datorren astean, auzotarrek erabakiko dute bi proposamen horien artean.

Maiatzaren 24ko bileran luze eta zabal aztertu ziren bi proposamenak. Bileraren lehen zatian auzoaren egungo egoeraren analisiaren berri eman zuten proiektuaren arduradunek. Aparkalekuak, auzoko beheko solairuetan dauden lokalen erabilera eta beste hainbat ikuspuntu landu ziren. Behin hori eginda, lehen galdeketan ateratako emaitzak kontuan hartuz prestatu diren bi proposamenak aztertu eta eztabaidatu ziren. Funtsean, antzekotasun handiak dituzte bi proposamenek baina galdeketak utzi zuen ondorioetako bat, auzoan aisialdi gune bat eta aparkalekuak faltan botatzen direla izan zen. Gauzak horrela, proposamenetako batek aisialdi gune bat du eta besteak aparkalekuei ematen die lehentasuna. Auzotarrek beraien iritzia emateko aukera izan zuten eta udalak hori kontuan hartuko du.

Gauzak horrela, prozesuaren hurrengo pausoa proposamen baten edo bestearen ildotik lan egin behar den erabakitzea izango da. Horretarako, maiatzaren 24ko bileran bildutakoarekin auzotarrei informazio eguneratua banatu zaie eta udalak ekainaren 13tik 17rako astean galdeketa egitea aurreikusten du. Galdeketa horretan 16 urtetik gorako Larraitz Mendebaldeko auzotarrek hartu ahal izango dute parte eta bi proposamenetako baten alde bozkatu ahal izango da. Botoa emateko aukera bat udaletxean izango da, 09:00etatik 14:00etara, eta bestea ekainaren 17an, 18:00etatik 21:00etara, Aterpe inguruko plazan. Botoa delegatzeko aukera ere izango da.

Unai Iraola alkateak azaldu duenez, «batetik interesgarria izango da jendearen parte hartzea ikustea. Bestetik, erabakien inguruko ardura elkarbanatzea ekarriko du». Udaleko taldeari proiektuak lantzea eta herritarrei aukera ezberdinak aurkeztea dagokiela dio Iraolak. «Gai batzuetan askoz ere egokiagoa iruditzen zaigu erabakiak ahal den jende gehienaren artean hartzea. Ariketa demokratiko bat egiten dugula iruditzen zaigu», zehaztu du Iraolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!