Langaurre Egunean parte hartzeko izena emateko epea hilaren 11 arte

Ataria 2016ko maiatzaren 5a

Iazko Langaure Egunaren une bat.

Azken urteetan Alegiako Udaleko Kultura batzordeak Langaurre Eguna ospatzeko ohitura berreskuratu du. Aurtengorako maiatzaren 22a, igandea, da aukeratutako eguna eta antolakuntza aldetik iazkoaren antzekoa izango da, berrikuntza txiki batzuekin.

Norberak bere bazkaria eraman beharko du aurten ere. Udalak mahaiak, aulkiak eta edaria jarriko ditu eta horretarako bazkaltzera igoko den pertsona kopurua ezagutzea ezinbestekoa da. Helburu horrekin, izena emateko epea zabaldu da datorren maiatzaren 11ra bitartean. Kultur etxean eta Iskiña, Hilario Berri eta Erretirodunen tabernetan dauden orrietan eman behar da izena. Zerrenda horietan bakarka edo taldeka eman daiteke izena eta taldeka ematen bada, taldeko kideen kopurua zehaztu beharko da.

Bestetik, iaz bezala, aurten ere jendea Langaurrera oinez igotzea bultzatu nahi da batzordetik. Hori ahalbidetzeko, egunean bertan hitzordu bat jarriko da jendea elkarrekin igotzeko eta behin Langaurrera iritsita, hamaiketakoa eskainiko da. Oinez igotzeko asmoa dutenek, izena emateko orduan zehaztu beharko dute hori. Langaurrera igotzeko modu hau leheneste aldera, oinez igotzen direnei bazkaria igotzeko garraio zerbitzua eskainiko zaie, igoera modu erosoagoan egiteko. Horrela, eramateko asmoa duten ontzi edo antzeko gauza handiren bat eramateko arazorik ez dute izango, bazkariaz berdin-berdin gozatuz. Beste berrikuntza taberna zerbitzuarena izango da. Iaz ez bezala, barra txiki bat egongo da egunean zehar Langaurren.

Azkenik, egunean bertan mahaiak deskargatzeko eta kargatzeko esku bat botatzea eskatzen zaie bertaratuko direnei. Horrela, denen laguntzarekin denbora gutxian guztia prestatu eta jasotzeko modua egingo baita. Langaurre Egunera joateko asmoa duenak beraz, badaki maiatzaren 11a baino lehen eman beharko duela izena. Bestalde, eguraldi txarra egingo balu, festa bertan behera geratuko litzatekeela zehaztu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!