Alegiako III. Azoka Ekologikoa, igandean

Ataria 2016ko api. 28a, 11:02

Iazko azoka ekologikoaren une bat.

Beloztegi baratze parkean izango da; balkoirako loreen inguruko tailerra antolatu dute eguerdirako.

«Hasierako ilusio berberarekin» antolatu dute aurten hirugarren urtez Alegiako Azoka Ekologikoa, Beloztegi herri baratze parkean. Igandean egingo dute, 10:00etatik 14:00etara, hain justu Beloztegi Herri Baratzak elkarteak antolatuta.

Alegian baratze parke bat sortu zen Ekoguneak lagunduta, eta egun 30 kide inguru ditu. «Hasi berritan pentsatu genuen zerbait antolatzea, baratze parkea sustatzeko, eta libre zeuden partzelak betetzeko», azaldu du Txarli Gesteirak, Beloztegi Herri Baratzak elkarteko kideak. «Azoka ekologikoa antolatzea pentsatu genuen eta horrekin jarraitzen dugu».

Azokan hainbat produktu izango dira: frutak, barazkiak, esnekiak, ogia, euskal txerria, eta aurten berritasun moduan, txakolina ere izango da, jatorrizko izendapena duena. Horrez gain, Aralar institutuko DBHko ikasleek postua jarriko dute, urte bukaerako bidaia finantzatzeko.

12:00etan tailerra izango da, balkoian jartzen diren loreen inguruan. Kimu Batek postua jartzen du eta beraiek emango dute tailerra. «Bertara joaten den guztientzat irekia izango da tailerra», esan du Gesteirak. «Interesgarria da garai honetan hasten delako jendea balkoiak apaintzen landareekin».

Hainbat produktu erosteko aukeraz gain, azoka ere bada aitzakia on bat Beloztegi baratze parkea ezagutzeko. Gesteirak azaldu duenez, «oraindik partzela batzuk daude libre eta gonbita egiten diogu jendeari izena emateko». Horretarako udaletxera joan behar da, edo baratze parkeko kide batekin hitz egin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!