Galdu eta min hartu du Artolak Eibarren

Ataria 2016ko mar. 20a, 22:44

Artolak eta Albisuk 16-22 galdu dute Martinez de Irujo eta Rezustaren aurka Eibarko Astelenan. Partida hau galduta finalean sartzeko inolako aukerarik gabe gelditu dira alegiarra eta ataundarra. Hau gutxi balitz, ozta-ozta txapa gainera erori den Rezustaren pilotakada txar bat jaso nahian eskuineko hatz bat atera du Artolak. Iaz bezala aurten ere txapelketako azken partida jokatu gabe gera daiteke.

Irujoren ezker zehar indartsu bat nola hala jo du Artolak eta pilota juxtu-juxtu erori da txapa gainera eskuineko puntan. Hamalaugarren tantoa zen alegiarrarentzat-eta, eta aurretik ziren markagailuan. Hurrengo tantoan, berriz, urdinek tantoa mendean zutenean, Rezustak nola hala jotako pilotakada okerra izan da txapa gainera erori dena; hartu duen defektuarekin ez du ia boterik egin eta jasotzeko ahaleginean eskua modu txarrean sartu dio Iñakik. Ez du pilota txapa gainean jartzerik lortu eta min hartu du eskuineko eskuan. Aldageletara joan da zuzenean medikua atzetik zuela. Gero jakin dugu hatz bat atera duela jokaldi horretan.

Tanto hau hamalaunakoa izan da, eta esan daiteke hantxe amaitu dela partida. Minutu batzuk geroago itzuli da Iñaki pilotalekura. Ahalegindu dira baina bete-betean egonik ere zaila zena, baldintza horietan lortzea ezinezkoa bihurtu da. Ikusten zen eskuinarekin jotzea baino ez jotzea nahiago zuela Artolak. Ezer apartekorik egin gabe joan dira hogeita bira aurkariak. Bi tanto gehiago egin dituzte Artolak eta Albisuk, eta Irujok galduak izan dira biak.

Ordura arteko partida ez da bete-betekoa izan. Tanto onak eta hutsak tartekatzen zituzten bi bikoteek. Aurretik heldu dira urdinak, Artola-Albisu, hamabigarren tanto osteko derrigorrezko geldi aldira, eta bazirudien neurria poliki hartua ziotela partidari; Irujo gainditu samarrik eduki dute bolada luze batean, eta, tarte handirik lortu ez badute markagailuan, beraiek egindako opariengatik izan da: mordoxka egin dituzte tarte honetan ere, galdutako bost pilota erraz zenbatu dizkiegu. Aurretik ziren, ordea, eta opariak egiteari uztiz gero, partida irabaz zezaketela ikusten zen. Baina aipatutako jokaldi trakets hori gertatu da eta han galdu dituzte partida eta finalean sartzeko aukera.

Partida on-ona izan ez bada ere, tentsio eta emozio handia izan du denbora luzez eta azkenera arteko ahalegina txaloka eskertu dute Astelena ia bete duten pilotazaleek gorriek hogeita bigarrena egitea lortu dutenean.

Eskuko lesio hori zenbaterainokoa den aztertzea tokatzen da orain. Emaitza honekin, Olaizola-Urrutikoetxea finalerako sailkatuta eta Artola-Albisu aukerarik gabe, bien arteko partida pasalegekoa bihurtu da. Datorren egunetan jakingo dugu jokatzeko moduan izango denentz. Ez bada jokatzeko gai, gaur bukatu da txapelketa hau alegiarrarentzat.

Pilotakadak: 438 

Tanto boladak: 1-0, 1-1, 2-2, 3-3, 5-3, 8-4, 9-6, 9-9, 10-10, 11-13, 13-13, 14-14, 15-15, 20-16, 22-16.

Artolak: eginak 6 jokoan eta 2 saketik, galduak 6.

Albisuk: eginak 1 eta galduak 5.

Martinez de Irujok: eginak 9 jokoan eta 1 sakez, galduak 5.

Rezustak: eginak 2 eta galduak 2.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!