Kataluniako eta eskualdeko musikariak bat eginik Alegian

Maier Ugartemendia 2016ko martxoaren 12a

Loatzo musika eskolako ikasleek, Villafranca del Penedes herriko musikarien bisita jaso dute asteburu honetan Alegian; gaur kaleak alaitzen eta musika kontzertua eskaintzen izan dira Alegian

Atzo iritsi ziren Alegiara musikari kataluniarrak eta bihar goizean itzuliko dira berriro euren herrira, baina bitartean ordu luzez musikaz eta kultura trukeaz gozatzeko aukera izaten ari dira.

Loatzo musika eskolakoak abenduan izan ziren Herrialde Katalanetan, eta orain bisita itzuli diete kataluniarrek. Atzo Unai Iraola alkateak beste udal ordezkariekin batera harrera egin zien Villafranca del Penedesetik etorritako musikariei. Ostiral goiza ikastetxeetan pasa zuten eta arratsaldea entseguetarako baliatuko zuten. Gaur arratsaldean festarekin jarraitu dute, Alegiako kaleak girotuz ibili baitira musikari guztiak elkarrekin.

Plazan kataluniarrek euren dantzen erakustaldia egin dute, eta gero kalejiran kultur etxera joan dira. Bertan egin dute ondoren emanaldia.

Eguna bukatzeko, bi eskolek elkarrekin afaria egingo dute kultur etxean. 150 pertsona elkartuko dira guztira, eta ondoren festarako aukera ere izango da.

Atzo Alegian udal ordezkariek Villafranca del Penedeseko musikariei harrera egin zieten. (Bideoa: Alegiako Udala)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!