Irabazi ezinik jarraitzen dute

Ataria 2016ko otsailaren 14a

Iñaki Artolak, gripe zantzuekin, ez du jokatzerik izan Oñatin Ezkurdia-Barriolaren aurkako partida garrantzitsua. Victorrek jokatu du bere ordez Albisurekin, eta 22-14 galdu dute. Laugarren postuari eusten badiote ere, hirugarren partida da jarraian galtzen dutena eta zailtzen ari zaie sailkapena.

Partida kazkarra izan da Oñatin igande arratsaldez jokatu den hau. Pilotalekua bete-bete egina zegoen pilotazalez, pilota giro bikaina, baina pilotarien joko mailak ez dio erentzun ikusminari. Saiatu dira pilotariak, baina ez dute beren egunik txukunena izan: Barriola izan da partida osoena egin duena, Ezkurdia eustea mugatu dela esan behar, Albisuk pilotakada bikainak huts handiekin nahastu ditu, eta Victorrek antzemango zuen ostiralean jokatutako partida. Irabazleek jokoan 3 tanto egitea aski izan dute hogeita bira iristeko. Victor eta Jon Ander Albisuren artean 19 tanto galdu dituzte, 12 Victorrek eta 7 Albisuk. Ez du argibide gehiago behar partidaren nondik norakoaz jabetzeko: irabazleek, ez pentsa beraiek ere finegi aritu direnik, nahikoa izan dute tantoari eustea eta huts gutxiago egitea.

Partida hau galduta, nahiz eta sailkapeneko laugarren postuari eusten dioten, nabarmen zaildu zaie final-aurretako ligan sartzeko bidea. Ezkurdia-Barriolak puntu bat gutxiago dute, baina gauko partida irabazita aberage hobea dute berdinketa kasua emango balitz; 22-21irabazi zuten Artola-Albisuk lehen bueltako partida. Hiru ekitaldi falta dira sailkapen liga amaitzeko eta ezin esan daiteke Artola-Albisurena oso erosoa denik:Olaizola II-Urrutikoetxea, Irribarria-Merino I, eta Irujo-Rezusta dituzte geratzen zaizkien aurkariak. Beren alde dute hiru bikote hauek sailkapenaren presiorik gabe jokatuko dutela: Olaizola II-Urrutikoetxea eta Irujo-Rezusta dagonerako sailkatuak daude, eta Irribarria-Merino I-k ez daukate inongo aukerarik. Baina zazpigarren puntua irabazi egin behar da, eta sartuak dauden dinamika ezkorra irauli behar horretarako. Onena, beren esku dutela, beren emaitzei zor zatzaizkiela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!