Txakalaldia?

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 7a, 20:37

Iñaki Artola eta Jon Ander Albisuk galdu egin dute bigarren astez jarraian. 22 eta 15 irabazi diete Victor eta Beroizek Tafallan. Txapelketari eman zieten hasiera ikusgarriari esker final-aurrekoetara pasatzea beren esku dute oraindik, baina lehenbailehen berreskuratu beharra daukate orain gutxiko jokoa. Tolosa anoetarrak garaipena lortu du jaialdiko lehen partidan.

Duela bi aste eskas Tolosako Beotibarren Bengoetxea-Untoriaren aurka egin zuten erakustaldia eta gero, ez zegoen beherakada hau aurreikusterik, ez zirudien egoera hau etorri behar zuenik. Orduez geroztiko bi partidetan, ordea, beren mailatik behera aritu dira. Idiazabalen astindu galanta ema zieten Jokin Altunak eta Merino IIk. Egun hartan Albisu izan zen larrien ibili zena; gaur Tafallan alegiarra, Artola.

Partida ondo, oso ondo, hasi da beraientzat. 7-0 jarri dira irabazten ia ezer berezirik egin gabe, Albisuren joko sendo eta aurkarien hutsetan oinarrituta. Hemendik aurrera, aurkariek beren komenentziako pilota atera dute eta nagusitzen hasi dira. Antzeman dute Artola-Albisuk ez zutela beren egunik onena eta hauei eskas sumatzen zitzaien konfiantza eta ausardian gora egin dute. Beraiek hasi dira agintzen eta hala jarraitu dute partida amaitu arte; huts eginak ere txapa gainerakoak ziren. Honetaz gainera baina, argi ikusi da alegiarrak ez zuela egunik onena, azken aldiko bizitasuna gabe mugimenduetan eta tanto amaitzeko aukera apurretan kamuts, behintzat, orain artekoetan erakutsia zuenarekin alderatuta. Aipatu dugun Tolosako partidu haren ondoren, Iñaki zen partiduz partidu egindako bataz besteko tanto kopuru onenak zituena txapelketa honetan. Gaur, bi bakarrik egin ditu. Adierazgarria da datua. Partida aurrera joan ala Albisuk ere egin ditu huts batzuk eta bukatu ere honen huts batekin bukatu da, erdi-erdiko sakea frontisean sartzen asmatu ez duenean.

Victor eta Beroizen jokoa ere goraipatu behar da dena den. Lehen zazpi tantoak saihestuta, Beroiz oso-oso seguru aritu da eta bikain erantzun dio Albisuren joari; Victorrek, berriz, bizitasun izugarria eman dio jokoari. Zortzi tanto egin ditu eta grinatsu ikusi dugu partida osoan, oso ondo. Garbi dago, maila hauetan, pittin bat jaitsiez gero edozein bikotea gauza dela edonori gaina hartzeko.

Partida amaieran Iñakik berak aitortu du, fisikoki arazorik ez duela baina konfiantza gutxirekin aritu dela, beldurrez. Juxtu orain arte bestelako aldartea eta jarrera erakutsi du; txapelketa luzea da eta normaltzat hartu beharko da tartean joko motelaldiren bat izatea. Hurrengo partida Ezkurdia-Barriolaren aurka dute, sailkapeneko lehian bete-betean sartzeko ahaleginetan ari den bikotea. Agudo pasako al zaie txakalaldia!

 

Tanto boladak: 0-7, 4-7, 4-10, 7-10, 7-11, 14-11, 17-12, 17-14, 20-14, 20-15, 22-15.

Eginak-galduak: Artolak egin 2 eta 4 galdu; Albisuk egin 1 eta 5 galdu; Victorrek egin 8 eta 6 galdu; Beroizek egin 5 (2 huts eginak txapa gainean) eta 1 galdu.

Pilotakadak: 487

Tolosak eta Mendizabal III.k 22-18 irabazi diete Gorka-Cecilio errioxarrei

Tolosa anoetarrak Mendizabal III. izan du lagun jaialdiko lehen partidan, eta 22-18 irabazi diete Gorka-Cecilio errioxar bikoteari. Partida ikusgarria izan da, hutsak bai baina tanto polit asko eskaini dituena. Koadro erdiko abantaila izan dute errioxarrek sakean, baina ez dio Gorkak etekin handirik atera. Oso berdindua joan da partida azken aldera arte. Tolosak punttu onean dagoela erakutsi du astear dagoen "etorkizuneko"en txapelketarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!