Urteurreneko ekitaldien ondoren, kontzertuak

Imanol Garcia Landa 2016ko urt. 20a, 14:04

Alegiako Gaztetxean bi musika talderekin kontzertua antolatu dute, doan, larunbatean. Martxorako Gazte Eguna prestatzen ari dira.

Izeberg eta Odolaren Mintzoa musika talde usurbildarrek kontzertua emango dute larunbatean, Alegiako Gaztetxean, 22:30ean hasita. Urteurreneko ekitaldi sortaren ondoren berriro ere kontzertu bat antolatu dute gaztetxean. «Urteurrena alde batera utzita, eta aurreko bileretan erabaki genuen hilean behin ekitaldiren bat egitea, horrela behintzat gaztetxean mugimendua izateko», azaldu du Iñigo Ormazabal gaztetxeko kideak.

Larunbateko kontzertua doan izango da, eta hori nabarmendu du Ormazabalek: «Gaztetxearen leloa da ahal den jende gehien joatea bertara, eta, beraz, ahal den eskuragarriena jartzen saiatzen gara. Taldeekin hitz egin genuen eta akordio batera iritsiz, emanaldia doan izatea pentsatu genuen. Azkenean jende gehiago etortzeko aitzakia ere bada, eta guk hori nahi dugu».

Gaztetxeak 28. urteurrena ospatu berri du, abenduan eta urtarrilaren hasieran, eta balantzea egiterakoan «oso gustura» daudela esan du Ormazabalek: «Aurretik ere antolaketa oso ona izan zen, abendua iritsi aurrekoa, eta gero ekitaldi guztietan ere bere fruitua eman du. Azkenean, etorritako jendearen aldetik oso gustura gaude, erantzuna aparta izan da eta. Ia ekitaldi guztietan, guztietan ez esateagatik, jende asko etorri da eta giroa ere oso egokia izan da. Balantzea egiterakoan oso gustura gaude, eta harro ere bai, hilabetek ematen dizkizun lan bat da hori, eta horrela ateratzea ekitaldi guztiak oso harro sentitu gara». Aurrera begira ekitaldi gehiago antolatzeko indarra ematen duela horrelako lana egin eta horrelako erantzuna jasotzeak gaineratu du Ormazabalek.

Gazte Eguna

Martxorako beste ekimen garrantzitsua antolatu dute gaztetxean: Gazte Eguna. «Alegiako Gaztetxeak nerabeei errespetu pixka bat sartzen die, eta bertara joateko zailtasunak izaten dira. Guk ere izan genituen eta gure aurreko belaunaldiak ere», esan du Ormazabalek. «Azkenean, horma hori puskatzeko asmoz Gazte Eguna antolatzea pentsatu dugu gaztetxearen barruan, eta horrela ikus dezaten nerabeek ateak zabalik dituztela edozein unetan parte hartzeko, eta gaztetxearen parte direla ere sentitzeko».

Martxoaren 19an izango da Gazte Eguna, Astea Santuaren aurreko larunbatean. Egun guztiko jaialdia antolatzen ari dira. «Ardura handiena gazteei beraiei uztea proposatu diegu, haiek ere lan pixka bat egin dezaten, eta egun guztiko egitaraua sortu eta moldatu dezaten beraien kabuz». Bazkaria izango dela erabakita dago, eta gauean egingo den kontzertuan ariko den taldeetako bat Kataluniako Lagrimas de Sangre izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!