Zazpitik bosgarrena Iñaki Artola eta Jon Ander Albisurentzat

Ataria 2016ko urtarrilaren 16a

22 eta 19 irabazi diete Iñaki Artolak eta Jon Ander Albisuk Xala eta Merino I.ari Zumarragako Beloki frontoian jokatu den partidan. Bosgarren puntua eskuratuta egoera oso onean amaitu dute ligaxkako lehen itzulia. Alegiarra bikain.

Laurehun bat ikusle bildu dira Zumarragako frontoira bi-bitako txapelketa nagusi honetako ligaxkako lehen itzuliaren azken partiden sailari hasiera eman dion hau ikustera. Ikusmina zegoen inguruko bi gazte, Irribarria aramarra eta Artola alegiarra, aurrez aurre ikusteko. Irribarriaren ezker eskuak atsedena eskatu du, ordea, eta Xalak jokatu du bere ordez. Partida hasi aurretik Aritz Lasa urretxuarrari eskerronezko oroigarri bat eskaini diote Urretxu eta Zumarragako herritarrek.

Partida laburra eta gerriko urdinez jokatu duten Artola-Albisuk desio bezalakoa izan dela esan daiteke. Ataundarra eskuak sendatu berri zetorren kantxara eta atseginez hartuko zuen hain gutxi behartua izatea; Iñakik eraman du partidaren zama nagusia eta erraz hautsi dute Xala eta Merinoren jokoa.

Lehen hamabi tantotan partidak izan du halako berdintasun bat. Iñakik sei tanto egin ditu, bost ezker airez eta bat errebotera jota, baina bi galdu ere bai; hauek, Albisuk galdutako beste bi pilota zailek eta Xalak egindako bi tanto politek seinako berdinketa ekarri dute.

Hemendik aurrera baina, guztiz nagusitu da bikote urdina eta hamar tanto egin ditu segidan (16-6). Alegiarra izan da bolada honetan protagonista, bereak izan dira zortzi tanto, hiru saketik eta besteak jokaldian. Hortik aurrera ez dute apartekorik egin beharrik izan hogeita bira iristeko. Gorriek beste hiru tanto bakarrik egin ahal izan dituzte eta hirurak urdinek galduak izan dira, bat epaileak gaizki erabaki duelako. Nagusi izan dira guztiz atzean eta aurrean; asko behartu dituzte aurkariak eta aurreikusten zena baino erosoago aritu dira une larririk igaro gabe. Irabazleen kolore urdina izan du partidak, nabarmen.

Zazpitik bost irabazita urrats sendoak ematen jarraitzen dute ataundarrak eta alegiarrak final-aurrekoetara sailkatzeko bidean. Erakusten ari diren jokoa, konpenetrazioa eta sasoia dira bermerik onenak.

Eginak: Artolak 13; Xalak 2; Albisuk 1

Galduak: Artolak 4; Xalak 1; Albisuk 2; Merinok 7

Tanto boladak: 0-1, 3-1, 3-6, 6-6. 16-6, 20-7, 20-9, 22-9.

Partidaren iraupena: 46 minutu.

Pilotakadak: 339

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!