Egun txapelketetan murgilduta daude, biak final-laurdenetan: Mikel, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan; Iñaki, Lehen Mailako Lau t'erdiko Pilota Txapelketan. Iñakik ez du ondo hasi final-laurdenetako ligaxka, orain astebete Jokin Altuna lagun amezketarraren aurka 22-14 galdu baitzuen. Gaur Bengoetxearen aurka du bigarren partida, Tolosako Beotibar pilotalekuan: "Galtzen hasi gara, baina oraindik beste bi partida ditugu. Bengoetxearena ere zaila ikusten dut; pilotari handia da".
Mikelek, berriz, txapelketa "gorabeheratsu" doala dio. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea erraz pasatu zuen, baina gero justu-justu igaro da final-laurdenetara —bera izan da azken sailkatua—. "Ez dut uste saio txarra egin nuenik, baina puntuz larri-larri, eta azkeneko unera arte zain egon behar izan nuen pasatu nintzela jakiteko. Baina aurretik egin duzunak ez duenez zerikusirik, orain final-laurdenetarako prestatzen ari naiz". Haren helburua txapelketa ondo prestatzea eta lehen saioa ondo egitea zen: "Behin pasatu garela, gure helburua beteta dago. Harituz bertso taldeko lau gaude final-laurdenetan. Polita izango litzateke norbait deskuidatu eta pasatzea, eta Tolosako finalerdian aritzea". Eskoriatzan du final-laurdenetako saioa, azaroaren 8an.
Afizioak partekatu dituzte, gero bakoitzak ofiziorako bere bidea hartu badu ere. Halere, elkarrekin topo egiten dute, batez ere pilotan, Mikel Iñakiren botilero moduan aritzen baita txapelketetan. "Bera izan da txikitatik pilotan gehien ezagutu izan nauena, eta nirekin gehien ibili dena", dio Iñakik. Iazko ekainean profesionaletara jauzia egin zuenetik, anaiarekin jarraitu du: "Galdetu zidan ea berarekin jarraitu nahi nuen, eta nik baietz erantzun nion. Orain arte gauzak nahiko ondo ateratzen ari zaizkigu, eta ondo sentitzen naiz berarekin. Beti pentsatu izan dut ustez pilotaz gehiena dakiena baino hobe dela zu ondo ezagutzen zaituen botileroa izatea: ez bakarrik pilotan dituzun gaitasunak jakiteko, baita buru aldetik zer joera dituzun ere. Eta horretan gehiena Mikelek daki".
Egia esateko askatasuna
Beren arteko harreman horrek ez du esan nahi haserretzen ez direnik. "Tarteka partidetan izaten ditugu gure haserreak", dio Mikelek. Anaiaren botilero denean "gehiago sufritzen" du: "Askoz gertuagotik bizi duzu, eta kanpora esaten ez diren gauza asko bion artean geratzen dira. Txikitatik ezagutzen dudanez, badakit zertan hobetu duen eta zertan ez, eta, egia esateko, askatasun handiagoa dut. Beti sinistu izan dut harengan, nik uste berak bere buruarengan baino gehiago. Horrek ere bultzatzeko balio du". Iñakik gauzak esatea exijitzen dio anaiari: "Nahi duzuna da akatsak ikusten badizkizu esatea, nahiz eta jakin zuri ez zaizula gustatuko hori entzutea. Mikelek pentsatzen duena esaten dit, eta orain arte nigan gehien sinistu duena bera izan da".
Ia partida guztien jarraipena egiten dio Mikelek, zuzenean ez bada , telebistatik. Ez dira, baina, denbora guztian pilotaz hitz egiten aritzen. "Askotan partida batera autoan joaten garenean, filosofiaz hitz egiten dugu, Iñaki unibertsitatean ikasten ari denaz, eta gure eztabaidak izaten ditugu", ekarri du gogora Mikelek.
Iñakik ez dio Mikeli jarraitu bere bertsolari ibilbidean, Mikelek Iñakiri pilotan adina. "Txapelketako saioak dituenean bai, herrian eta inguruan egin dituenean ere bai, baina bestela beste herri askotara joan denean, ez naiz berarekin hainbeste ibili". Bertso saioetarako prestatzeko Iñakik ere tarteka laguntzen dio. "Gaiak jartzen, eta parte hartzen ere bai", dio Mikelek. Autoan joaten direnean bertsotan ere aritzen dira; azkena, sanmateoetako torneorako bidaian, Logroñorako joan-etorrikoan.
Elkarrekin egon bai, baina elkarren aurka ez dira lehiatu pilotan. "Konturatzerako, berak niri erraz irabazteari utzi, eta ni berari erraz irabazten hasi nintzen", esan du Iñakik. Herriartekoan aritu izan dira biak, Alegia ordezkatzen. "Herriarteko batean izan zen aukera bakarra Iñaki nire botilero aritu zela. Lau tanto bakarrik egin genituen...", gaineratu du Mikelek, bere anaiaren barrea eraginez.
Bertsotan, berriz, behin parte hartu zuten elkarrekin, txapelketa batean. Harituz-ek antolatu zuen Tolosaldeko bertso txapelketa egin zenean, herriartekoan, Alegia ordezkatuz. Lehen kanporaketa gainditu zuten. "Herriko bertsolarien saioa egiten da festetan eta hor ere parte hartu izan du", esan du Mikelek, eta gaineratu: "Beti esaten diot bertsoarekin lotura izatea ez dela txarra. Kirolaz aparteko kontu batzuekin harremanetan irautea ez da txarra".
Pilotan eskuratu dituen lorpenak galdetzerakoan, Iñakik berehala dio iaz lortutako bigarren mailako lau t'erdiko txapela izan dela nagusiena. Anaiak, baina, bestelako iritzia du: "Lehen mailako binakako finalerdietara iristea". Iñakik arrazoia eman dio gero: "Txapela janzteak ilusio handia egiten du, baina lorpen moduan, lehen mailakoa jarri behar da aurretik".
Orain ere lehen mailan lau t'erdiko final-laurdenak jokatzea lorpen handia dela dio Mikelek. Ilusio berezia egiten die ligaxkan Olaizolaren aurka jokatzeak. Horrek ere botilero anaia du, Asier. "Txikitan pilota partidak ikustera joaten ginenean, nik Barriolaren kamiseta nuen eta Mikelek Olaizolarena. Orain ni kantxan eta bera aulkian, Olaizola anaien aurka ariko gara". Eta Mikelek: "Bai kantxan eta bai aulkian uste dut desabantaila pixka bat dugula...".
Osinalde sariketa irabaztea du Mikelek bertsolaritzan lortutakoen artean. "Guretzako bere garaian Osinalde bazen erakartzen gintuen sariketa bat, eta horrek ikaragarrizko ilusioa egin zigun". Lorpen zerrendari begiratuz gero, handiena aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan final-laurdenetara pasatzea dela esan du. "Baina bertsotan egin dudan gauzarik politena eta gehiena ase nauena bertsolari onenekin aritzea izan da: [Andoni] Egaña, Amets [Arzallus] edota Maialenekin [Lujanbio], esaterako... Eta ilusio handia egin zidan Joxe Agirrerekin kantatzeak ere. Orain dela urte batzuk esanez gero, ez genuen sinistuko". Beste une berezi bat ere aipatu du Mikelek: Altzoko festetako bertso saioa. "Inguruko garrantzitsuena iruditu izan zaigu beti. Aurten han kantatzeko aukera eman ziguten, eta hori eginda, dagoeneko lasai geratzeko moduan nintzela esan nuen".
Lehen oroitzapenak
Tartean anaia dagoela ditu Iñakik pilotarekin bere lehen oroitzapenak: "Igande goizetan joaten ginen biok aitarekin Orendaingo frontoira, edo Alegiakora, edo Abaltzisketara... Horretaz ondo oroitzen naiz, eta baita Kalebeherako frontoian irabazi nuela nire lehen txapela".
Bi oroitzapen mota etorri zaizkio Mikeli bertsolaritzaren inguruan. "Gure aitonak, aitan aldekoak, bazekizkien bertsoak buruz, eta batzuk kantatzen zizkigun. Bestalde, gogoan dut Hitzetik hortzera ematen zutela igande eguerdian eta nola horri begira egoten ginen. Eta nola etxekoentzat bertsolariak norbait garrantzitsuak ziren, eta haiei entzuteko isilik egon behar ginen. Beste oroitzapena kantatzen hasi ginenekoa da: parrandan hasi ginenean-eta, lagun batzuk elkartzen ginen, bertsozale amorratuak, eta bertsotan aritzen ginen, hankamotzak, hankaluzeak eta potoak eginez".
Bestearen ezaugarriren bat norberaren ofiziorako hartuko lukete. "Pilotan aritzen zenean tenple ona zuen eta erabakiak hartzen zituenean, azkar hartzen zituen", esan du Iñakik. "Nik bertsoak josteko bere gaitasuna hartuko nuke", dio Mikelek bere aldetik: "Okerrena errimarekin ibiltzen naiz, eta oinak ekartzeko garaian. Berak, hain gutxi arituta ere, askotan hitz egokiagoak ekartzen ditu eta horrek inbidia pixka bat ematen dit. Izaera aldetik, frontoitik kanpora pilota eta horren zakuan sartzen den guztia hartzeko modua".
Iñakik ondo hartzen du famaren kontua. "Azkenaldian ari naiz bizitzen ezaguna izatea zer den. Batzuetan pisua da, edozein lekutara joan arren ezin duzulako pilotari jantzia kendu. Baina ondo daramat, eta gustatzen zait kalean pilotari moduan ezagutzea". Mikelek bertsolaritzan ez du hori ezagutzen: "Nire gertatu zaidan aldaketa, anaia ezaguna egin denean izan da. Izenaren beharrik ez daukat, orain Artola pilotariaren anaia bihurtu naiz".
Etxean bertsolaritza eta pilota asko bizi dute. "Gurasoak, gu aritzetik aparte, oso zaleak dira", esan du Iñakik. "Aitak frontoi asko zapaldu ditu, bai Mikelekin eta bai nirekin ere, eta orain ere ia beti joaten da nire partidetara. Ama gutxixeago, nerbioekin-eta okerrago pasatzen du eta etxetik bizitzen ditu". Mikelek dioenez, gurasoek utzi diete bidea egiten beraiei iruditu zaien moduan: "Meritu handia izan dute noraino sartu jakiteko, noraino baldintzatu pilotaren eta bertsolaritzaren gure bidea. Datorrena hartuz, gure martxan utzi digute. Eta horregatik uste dut gusturago egiten dugula ere".
Bakoitzak hartu duen bidea irudikatzeko badute pasadizo bat. Azkoitira joan ziren herriarteko pilota txapelketa jokatzera, bakoitza bere mailan, eta Iñakik egun berean eskolarteko bertso txapelketa zuen, Azkoitian bertan. "Bertso saioa bukatu ondoren, Iñakiri 'hi pilotan aritzen haiz,ezta?' esan zioten, eta pilota partidak bukatu ondoren, niri 'hi bertsotan aritzen haiz, ezta?' esan zidaten", gogoan du Mikelek. "Garbi geratu zen bakoitzaren eremua zein zen".