Kale edo baleko partida gisa definitu dute bi pilotariek. Iñaki Artolak "konfiantzaz" aurre egingo dio Oinatz Bengoetxeari, izan ere alegiarrak ondorio "onak" atera ditu Jokin Altunaren aurkako neurketatik: "Ahaztua baino gehiago, ondorio onak atera behar izaten dira, eta horregatik ez noa konfiantza gutxiagorekin. Ez nuen hain partida txarra jokatu. Olaetxearen kontrakoa ere ondo jokatu nuen".
Pilotekin gustura geratu dira bi pilotariak. Artolaren esanetan "ez da gehiegizko pilotarik izan, ez motela, ezta bizia ere". Leitzarrak aukeratutako pilotekin ere gustura geratu da: "ez ziren oso ezberdinak". Bengoetxeak, berriz, adierazi du akaso bereak "zertxobait biziagoak" direla baina guztiak jokatzeko "politak direla".
Hain zuzen, Bengoetxearenak 105,2 eta 105 gramokoak dira, eta Artolaren biak 105,5ekoak.
Elkarren aurka, inoiz ez
Artolak eta Bengoetxeak ez dute oraindik buruz buru jokatzeko aukera izan. Binaka, ordea, bitan jokatu dute elkarren aurka. Batean 18n gelditu ziren Artola eta Albisu, eta bestean irabazi egin zuten, baina aurkariak 21ean utzita.
Artolak gogoan ditu bi partidak. "Orduan konprobatu nuen zein ona den eta zein ondo jokatu behar den irabazteko. Txapelketako partida onenetakoak jokatu genituen orduan eta hala ere, bat galdu eta bestea gutxigatik irabazi genuen". Dena den, binakakoan irabazi izanak "konfiantza puntu bat" ematen diola aitortu du: "Horrek esan nahi du banaka ere irabazteko aukera daukadala".
Partida irekia izango dela uste dut Artolak nahiz Bengoetxeak. Dena den, Alegiako pilotariaren ustez faboritoa Bengoetxea da: "Azken urtetan erakutsi du eta ongi dago. Normalean ez du hutsik egiten". Bengoetxeak, berriz, aurkari "gogorra" izango dela dio: "Ez dut Artola asko ezagutzen, baina ikusi izan dut eta partida gogorra izango da. Indar handia du eta atzetik aise jokatzen du. Asko defendatu beharko dut".
Iñaki Artolaren hitzak: