Alegiako karmenak 2015

Bost egunetako festa, prest

Imanol Garcia Landa 2015ko uzt. 15a, 11:59

Lukas Lasa, Larraitz auzoan duen baratzean.

Lukas Lasak botako du txupinazoa; aurten azken urtea izango du festetako hainbat ekitaldi antolatzen.

Herriko festak bereziak izaten dira. Bakoitzak bere modura bizitzen ditu eta horrek ere bere ukitua ematen dio. Eta aurtengoak, bereziki gogoan hartuko ditu Lukas Lasak. Berak botako du gaur arratsaldean festei hasiera ofiziala emango dien txupinazoa. Bost egunez luzatuko dira karmenak eta Bibalabirjen festak, egitarau zabala osatuz.

Txupinazoa botatzea festa batzordeak Lasari egiten dion omenaldia da. Aurten 64. urtez parte hartuko du festetako hainbat ekitaldi antolatu eta aurrera eramaten. «Hurrengo urtean ere aritu nahi nuen eta horrela 65 urte egin horretan, baina familiak eskatu dit uzteko», esan du Lasak.

Aurten 83 urte beteko ditu, eta 18 zituenetik dabil festen prestaketan. Alegiako idazkari batek eskatuta hasi zen: «Laguntza behar zuela eta berarekin joateko, eta horrela hasi nintzen. Suziriak erosi, erosketak egin... Orain ere esku bat botako dudala esan dut, baina antolaketa kontuetan-eta ez naiz ariko». Haurrentzako ekitaldiak prestatzen, eta sagardo dastaketarekin egiten den sardinak eta txorizoa prestatzen aritu da. «Lagunak ere baditut onak eta horiek laguntzen didate».

Betidanik egon da Lasa herriko festei lotuta. Ogibidez arotza izan da, eta aitari laguntzen zion anaiekin batera festetarako kioskoak jartzen. «Pena handiena haurrek ematen didate, nirekin ohituta daude-eta». Hori bai, urte guzti horietan errieta bat edo beste ere bota dituela aitortu du.

Boluntario aritu da festekin lotutako zeregin horietan. «Opariak eman dizkidate udaletik, baina ez naiz horregatik aritu, gustatzen zaidalako baizik». Ez du behin ere festetan huts egin. «Nik esaten dut hori loteria dela. Pentsatzen dugu dena dirua dela, baina osasuna da garrantzitsua. Nik egunero esaten diot nire buruari loteria dudala. Ez naiz geldirik egoten, egun ere baratzean 8-9 ordu sartuko ditut».

Lasak garbi du festa egiteko lehengo modua hobea dela. «Goizetik gauera zegoen giroa kalean eta denak batera ibiltzen ginen. Norberak sortzen zuen festa giroa. Festa zuk egin behar duzu, ez duzu egon behar besteen zain, norberak egin behar du hori. Guk edozeinek bezala jartzen genuen festa. Orain jendea arratsaldeko ordubietan ateratzen da kalera». Garbi dago eta hala dio berak, Lasak jarraituko duela behar duenari laguntza ematen.

Ekitaldiak egun guztian zehar

Urtero izaten da festen egitarauan berritasunen bat, eta aurtengoan, Karmen Egunean, txistularien alardea izango da, Tolosako txistulariekin, herriko Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzekin eta Gozategi taldearekin.

Egunero haurrentzako ekitaldiren bat badagoela nabarmendu du Nati Murua Kultura zinegotzi eta festa batzordeko kideak. «Aurten, gainera, sortu berri den Gaztelekuko kideek antolatuko dituzte haur jolasak», azaldu du Muruak. Egitarau zabala prestatu du festa batzordeak, eta egun guztian zehar ekitaldiak izango dira, festa giroa izango da bost egunetan Alegian.

Bestalde, aurten bigarren aldiz antolatu dute balkoi eta lorategi ederrenaren lehiaketa. «Aurten 8 edo 9 badira izena eman dutenak. Iaz lau izan ziren, beraz, handitzen doa parte hartzea. Ea aurrerantzean ere jarraitzen dugun egitasmoarekin». Sari banaketa igandean izango da. Horrez gain, Muruak ere nabarmendu du aurten festetako kartela eta logoa herritarren artean aukeratu dela.

Alegiako festen ikurretako bat zahagiardoa da eta bai festa batzordeak antolatutako egitarauan, eta baita ere Bibalabirjenetakoan ere egunero izango da. Gainera, larunbatekoa elkarrekin egingo dute, zubian.

Gaztetxeak antolatzen duen Bibalabirjen festetan aurten ere bada berritasunik. Batetik, kuadrillen arteko herri kirolak egingo dira, eta, bestetik, gaupArgazkie egingo dute. Antolakuntzan dabilen Imanol Irazustabarrenak azaldu duenez, «ikusiko dugu nola elkartzen ditugun gaupasa egiten duten guztiak. Beste herri batzuetan egin izan dute eta aurten hemen probatuko dugu».

Beste berritasun bat, Santos Torneoko bi finalak, haurrenak eta helduenak, jarraian egingo direla izango da. Bestalde, bulebarrean egunero kontzertuak ziurtatuta dituzte, eta, besteak beste, biharko Reggae Gaua antolatu dute. «Taldeak pentsatzen hasi ginen, eta ikusi genuen reggae musikarekin lotura izango zutenak lotzeko aukera genuela», dio Irazustabarrenak.

Txosna ere jarriko dute, noski, baina ogitartekoak bakarrik gaur eta bihar izango direla jakinarazi dute Bibalabirjen festen antolatzaileek.

Ikusi Karmen jaietako egitaraua

Ikusi Bibalabirjen jaietako egitaraua

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!