Unai Iraola aukeratu dute berriro Alegiako alkate

Imanol Garcia Landa 2015ko eka. 13a, 13:00

EH Bilduko Unai Iraolak bigarren legealdia egingo du karguan. Iraolak "berrestu" egin du koalizioaren "konpromisoa herriaren alde lan egiteko".

Izendatu berritan, Unai Iraolak hitza hartu du eta ongietorria eman die udalbatzako kide berriei eta eskerrak eman dizkie zinegotzi izateari utzi diotenei: "Azken lau urte hauetan udalean lan egin duten hautetsi guztiei esker on publikoa egiten diegu hemendik". Udaleko jardunari dagokionez, orain arteko lan ildoarekin jarraituko dutela esan du Iraolak: "Ondo egin dugunarekin jarraitzeko, hain xuxen egin ez ditugunak konpontzeko. Talde berria ilusioz dago".

Bestalde, duela lau urte alkate izendatzerakoan esandakoa  ekarri du gogora: "Esperantza agertzen genuen Bildutik eta nik ere bai, gure herriak bizi zuen gatazka egoeraren konponbidean eta normalizazio politikoaren bidean aurrerapausoak emango zirela, eta egoera hobetzeko parada izango genuela. Lau urte igarota, egia da aurrerapausoak eman direla, baina herri honek nahi duen bake agertokirako oraindik pauso dezente geratzen dira". Berriz ere "esperantza" aipatu du datozen lau urtetarako:  "Bide horretan sakontzeko legealdia izan dadila, eta gatazkaren konponbidean eta normalizazio politikoan jarrera positiboak izateko asmoa egon dadila".

Bere aldetik, Kerman Orbegozo EAJko zinegotziak hitz egin du, udalbatzara "jarrera eraikitzailearekin" joan direla azalduz: "Kontuan hartzekoa da 278 alegiarrek bozkatu digutela, eta zentzu horretan eskua luzatu nahi dizuegula herritar horien beharrak eta kezkak elkarrekin aurrera ateratzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!