90 dantzari oholtzara

Imanol Garcia Landa 2015ko eka. 5a, 14:04

Sutarri dantza taldekoek emanaldia egingo dute gaur, 22:00etan, Elorri pilotalekuan.

Ikasturtean ikasitakoa erakusteko eguna iritsi da. Alegiako Sutarri dantza taldekoek emanaldia egingo dute gaur, 22:00etan. 90 dantzari izango dira oholtza gainean, eta aurtengo berezitasuna lekua izango da: orain arte kultur etxean egin dute, baina Marta Iraola taldekideak azaldu duenez, espazio hori txiki geratu da eta aurten Elorri frontoian egingo dute. «Jendeak harrera ona egiten dio emanaldiari, eta dantzarien kopurua ere handia delako, erabaki dugu frontoian egitea», gaineratu du Iraolak. «Urduritasun puntu bat ere badugu, argiak-eta erabiliko ditugulako». Emanaldiaren sarrera doan da eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara joatera.

Zortzi taldetan banatuko dira 90 dantzariak eta talde bakoitzak bi edo hiru dantza eskainiko ditu. Ordubeteko saioa izango da gutxi gorabehera. «Urtean zehar landutako dantzak ikusi ahalko dira», esan du Iraolak. «Betiko euskal dantzak, eta zenbait koreografia ere egingo ditugu».

Gaurko saioaz gain, beste bi emanaldi ere izango dituzte Sutarrikoek. Izan ere, hurrengo asteburuan Larraitz auzoko eguna ospatuko da, aspaldiko partez, eta bertan saioa eskainiko dute. Horrez gain, eta ohi bezala, herriko festetan egingo dute dantza, Karmen Egunean.

Bestela, herrian sortzen diren ekitaldietan ere parte hartu ohi dute, eta tarteka ere beste herrietan egiten diren dantzari txikien topaketetan. «Egia esan, azken bi urtetan ez gara atera herritik, gonbidatu gaituztenean beti herrian zerbait genuela gertatu da», azaldu du Iraolak. «Posible izan dugunean, kanpora atera gara».

Ikasturtea urrian hasten da eta sei urtetik gorakoek eman dezakete izena. Bi irakasle aritzen dira zortzi taldeekin, eta beraiek egiten dute ikasturtearen planifikazioa, hain justu, gaurko saioarekin amaiera emateko.

Maiatzean proba egin dute haur txikientzako ikastaroa antolatuz. «Hiru eta sei urte bitartekoak aritu dira, eta lau egunetan aritu dira, astean behin», esan du Iraolak. «Arrakasta handia izan du, parte hartzea dezentekoa izan da eta. Halere, hasieratik dugu jarrita ikasturtean sei urtetik aurrerakoek eman dezaketela izena, eta horrela mantenduko dugu oraingoz». Sutarrin ere helduen taldea badago, 18 urtetik gorakoentzat. Gaur, heldu zein gazte eta haur, batera ariko dira dantzan, Elorri pilotalekua oholtza bilakatuz.

Poxpolo ta Konpainia

Udaberriko kultur egitarauaren barruan ere, beste ekitaldi bat izango da gaur. Poxpolo ta Konpainia taldeak saioa eskainiko dute, eskolako jolaslekuan, 16:00etan hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!