Fiare Banka Etikoa Kreditu Kooperatibak hitzaldi bat eskainiko du datorren apirilaren 22an, asteazkena, 19:00etan Alegiako kultur etxean. Fiare proiektua espainiar estatu osorako, eta pixkanaka, Banka Etikoko europar kreditu sistema kooperatiba bat eratzeko sortu zen 2001ean eta Euskadin 2003an errotu zen 52 gizarte taldek eraginda. Gaur egun bost mila norbanako eta erakunde dira kooperatibako bazkideak.
Herritarrak, beraien dirua zertan erabiltzen denaren inguruan zenbateraino diren jakitun galdetzen du Fiarek. Banketxeek diru hori zertara bideratzen dutenaren inguruko galdera ere egiten du eta behar sozialak, ekologikoak eta bakezkoak ere kontuan izango dituen banketxe etiko bat aldarrikatzen dute. Fiareren helburuen artean gizarte zuzenago eta inklusiboago bat eraikitzera bideratutako kreditu sistema sendotzea dago.
Aipatu galdera eta helburu horiek zabalago azalduko ditu Jose Ramon Apalategi Fiareko ordezkariak apirilaren 22ko aurkezpen hitzaldi horretan. Prozesu osoaren berri emango da eta ekimenaren inguruan interesa dutenei edo informazioa jaso nahi duten herritar guztiei irekia izango da.