Paulo Garaialde omenduko dute larunbatean Alegiako Gaztetxean

Paulo Garaialde 'Paulito'. PATXI RENOBALES

20 urte bete dira 'Paulito' hil zenetik; hainbat alorretan oso aktiboa izan zen. Besteak beste, afaria eta kontzertuak antolatu dituzte Gaztetxean bertan.


Paulo Garaialde Paulitori omenaldia egingo diote Alegian, gaztetxeak antolatuta. Orain 20 urte hil zen eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte larunbatean. Xabi Navarro bere lagun minak azaldu duenez, «Paulito lehenengo laguna zen, taldekidea, eta gauza guztietan oso kezkatuta zegoen mutila zen, oso aktiboa. Herri guztietan izaten dira belaunaldi bakoitzean motore lana egiten dutenak, gauzak sustatzen dituztenak eta edozertarako prest daudenak, eta horietako bat zen Paulito. Bai maila politikoan, bai sozialean eta baita kulturalean beti prest egoten zen horietako bat».

Ziklox Garaialdeko kidea zen Paulito, Xabi Navarro bera bezala. Lotura handia dute Alegiako Gaztetxeak eta musika talde horrek. «1986an sortu genuen taldea. Alegiako beste gazte batzuk hartu zuten lokal bat eta gu ere musikariak izanik, hantxe hasi ginen bulebarrean zegoen hiltegi zaharrean entseguak egiten. Gero joan ginen Paulitoren aitak zuen tailer batera. Ciclos Garaialde jartzen zuen atean, eta gure lehenengo kontzertua eman behar genuenean izena pentsatu behar eta Ziklox Garaialde jartzea pentsatu genuen».

20 urte pasa direnean bere heriotzetik, antolatzaileek pentsatu dute bazela garaia zerbait egiteko eta Paulito gogora ekartzeko: «Batez ere oraingo belaunaldiak ez daki zein zen Paulito. Gaztetxeko atarian margotuta dago bere irudia eta entzun dute inoiz Ziklox Garaialdeko partaidea zela, baina ez dute ezagutzen, eta horregatik antolatu dugu omenaldia».

Musikari bezala baxua jotzen zuen Ziklox Garaialden eta trikitilaria ere bazen. «Politikoki oso aktiboa zen. Kontuan hartu behar da bere aita Triple Ak hil zuela», azaldu du Navarrok. «Euskaltzale amorratua zen. Aitortu dezaket gaur egun euskalduna banaiz beregatik izan zela. Nik gazteleraz egiten nuen, Paulito lagun mina nuen eta egun batean esan zidan ea ez nintzen konturatzen kuadrillako euskaldun guztiek erdaraz egiten zutela ni tartean banengoen». Antzerkian ere murgilduta izan zen, Bederen bat eta Sebastopoleko Titiriteroak taldeetan.

Paulitopa-rekin hasiko dira larunbateko ekitaldiak. «Bera hil zenean eskultura bat egin zioten eta Gaztetxearen lorategian jarri zen, eta pago bat ere landatu genuen», esan du Navarrok. «Leku horretan topa egingo dugu Paulitoren omenez. Bertan izango da Paulitoren iloba eta bere soinua joko du. Gero handik abiatuko gara herrian zehar poteoa egiteko trikitilariekin». Horren ondoren afaria eta kontzertuak izango dira. Afariaren sarrerak 10 euro balio ditu eta kontzertuak 7 euro. Bi ekitaldietara joateko bonoak salgai izango dira 15 eurotan, Iskiña eta Hilario Berri tabernetan, eta gaur izango da hori erosteko azken eguna.

Kontzertuetan Balerdi-Balerdi batetik eta Morau&Beñardo bestetik izango dira. Ziklox Garaialde taldekoei ere esan zieten emanaldian parte hartzeko. «Nik ez dut uste sasoia denik», esan du Navarrok. «26 urte pasa dira guk utzi genuenetik eta nik uste dut belaunaldi gazteen txanda dela».

 

Egitaraua

Urtarrilak 17, larunbata


18:00. Alegiako Gaztetxeko lorategian, Paulitopa, bere omenezko eskulturaren inguruan.

Jarraian. Triki-poteoa herrian barrena.

20:30. Afaria gaztetxean. Txartelak salgai Alegiako tabernetan.

22:30. Kontzertuak: Balerdi-Balerdi eta Morau & Beñardo.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!