Gustura orain arteko emaitzekin?
Aitor Altuna: Bai, oso. Igoera fasera sailkatzeko helburua izaten dugu urtero. Aurten talde oso lehiakorra osatu dugu, jende asko gaude. Ez dizut esango harritzen gaituenik.
Dena den, orain arteko partida guztiak irabaztea espero zenuten?
A.A.: 11 urte daramatzat Intxurren eta inoiz ez zait pasa. Hala ere, taldea ikusita ez naiz horrenbeste harritzen, nahiz eta partida zailak izan ditugun.
Laburbilduz, zer nolako hasiera izan duzue?Imanol Irazustabarrena: Inguruko taldeekin osatzen da multzoa, eta orain arte bost neurketa jokatu ditugu. Bostak irabazi ditugu: Idiazabal, Danena eta Ordiziari irabazi diegu etxean, eta Ontzerri eta Urolari Alegiatik kanpo. Harritzen gaituena da aurten jende asko gaudela taldean. Aurreko urtetan 14-15 pertsona justu-justu biltzen ginen eta aurten 24 gaude. Alde horretatik gustura gaude, eta normala da gero emaitzetan hori islatzea.
Normala zergatik?I.I.: Entrenamentuetan ezin genuen ongi entrenatu 10 pertsona izanda. Orain gogorragoak dira, eta baloi gehiago izaten dugu. Prestaketa desberdina da.
Nabaritu duzue, beraz, taldearen barruan aldaketa hori.A.A.: Konpetentzia sanoa ere ekartzen du horrek. Entrenamentuetan dena ematen dugu minutuak irabazteko.
Giroa ere sanoa da.
A.A.: Ez da futbol talde bat bakarrik, kuadrilla bat gara. Askotan geratzen gara afaltzeko, zerbait hartzeko... Giro oso sanoa dago.
Intxurrek badu berezitasun bat: zelaia. Zer da zuentzako zelai hori?
A.A.: Hoberena.
I.I.: Gurea da. Izorratzen gaitu, ez baita artifiziala besteak bezala, baina guri baino gehiago, kanpokoei gehiago izorratzen die. Ohituta gaude. Belarrezko bat izatea gustatuko litzaigukela? Noski, baina ez gara erotzen. Hori daukagu, gurea da, berezia da, eta gustatzen zaigu.
ELKARRIZKETA OSOA, AUDIOAN