Alegiako Baratze Parkean lursailak erabilgarri daude

Asier Imaz 2014ko ira. 30a, 18:22

2013ko udaberrian jarri zen martxan Alegiako Baratze Parkea. Ekoizpen ekologikoan oinarritzen den nekazaritza garatzen dute bertako erabiltzaileek eta asko dira Beloztegi auzoan kokatzen den eremuan euren lursaila duten herritarrak. 

Bada, Beloztegi Herri Baratzak erabiltzaile elkarteak lursail batzuk libre daudela iragarri du eta herritarrak lursail horietako bat hartzera animatu nahi ditu. «Asko dira norberak bere baratzea izateak dituen alde onak. Gauza asko ikasteko balio du, nekazaritza ekologikoa sustatzen da, aisialdirako eta harreman berriak egiteko baliagarria da eta garrantzitsuena, norberak ekoitzitakoa jateko aukera ematen du» adierazi dute elkartetik.
Erabiltzaileen elkartetik dei egiten zaie herritar guztiei, batez ere gazteei, lursailak ustiatzen hasteko. «Erabiltzaileen profilak aztertuta, jende gaztea falta dela ohartu dira eta gazteak sartzeak bizia emango lioke baratze parkeari. Ez dago zertan pertsonako baratze bat hartu beharrik. Binaka edo talde txikitan hartzeko aukera ere badago eta modu horretan ustiatu», azaldu dute erabiltzaileek.
Gauzak horrela, ate irekien bi jardunaldi antolatu ditu Beloztegi Herri Baratzak elkarteak; urriaren 3rako eta 4rako.
Bertan, baratze parkeak nola funtzionatzen duen eta erabiltzaile izateko bete beharreko baldintzen berri emango da.
Ostiralari dagokionez, 16:00etatik 18:00etara izango da baratzeak ezagutzeko aukera. Larunbatean, aldiz, 10:00etatik 12:00etara. Bertaratzen direnek, dituzten zalantzen inguruan galderak egiteko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!